Konpainia: Txalo. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao Lejarzegi. Egilea: Alan Aykbourn. Euskaratzea: Martin Agirre. Antzezleak: Aitor Fernandino, Ane Gabarain, Aitziber Garmendia, Mikel Laskurain. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Irailak 14.
Dena ez da zinema bizitza honetan. Badago bizitzarik zazpigarren artetik harago, eta hori berori frogatu dute Donostiako Antzoki Zaharra polito bete duten ikusleek. Etxeko saltsak Txalo ekoizpen-etxearen bigarren estreinaldia da oso egun gutxian —aurrekoa Zoaz pake santuan izan zen, eta abuztuaren 16tik aurrera taularatu zuten—, baina zaletuak beti daude antzezlan on batez gozatzeko prest, eta aukera honetan ere bete-betean asmatu dute antzokira joaten.
Orduko hartan umore beltza izan zen nagusi, elkar pozoitu nahi duten senar-emazte batzuen kontura, eta oraingo honek endredo-komedia baten osagai guztiak dauzka. Izan ere, esku-programan diotenez, “ikusleak pertsonaiek baino informazio gehiago dauka”, eta horrek egiten ditu hain dibertigarriak lau pertsonaien arteko dialogoak eta gero eta gehiago korapilatzen diren egoerak.
Alan Aykbourn (Londres, 1939) oso idazle emankorra da, bere ibilbide luze eta polifazetikoan antzezlan asko sortu ditu eta, adituek diotenez, bere testuetan askotan islatzen dira txikitako bizipenak. Emanaldia ikusi ostean, argi dago lan honetan ere izan dutela eragin nabarmena aspaldiko kontu haiek, familia, bikote-harremanak, aitatasuna eta amatasuna direlako pertsonaien atzean behin eta berriro agertzen diren elementuak. Bestetik, aipatzekoa da matrimonio helduaren kasuan egiten den kritika, ez bikote-harreman mortuak aztertzeagatik —hori ere bai, jakina—, baizik eta ingeles burgesiaren manera hotzak eta ohitura mugiezinak parodia-puntu finez aurkezteagatik.
Alde horretatik, bikain aritu da Mikel Laskurain, ustez dena kontrolpean daukan gizonarena egiten, baina egia esan, laurek bete dituzte orbanik gabe beren rolak, elkarrekin ekipo trinkoa eginez, eta zuzendariak tempo eszeniko dinamiko, egoki eta atsegina eratu du, komediaren mekanismoei beren lana egiten utziz eta antzezleen sendotasunean bermatuta.
Dekoratuaren diseinua estilo erabat naturalistan kokatuko dugu, horrelako komedia arinei dagokien bezala, eta ekintza bi etxetan gertatu behar izatea oso ondo konpondu da alde teknikotik ikusita. Esandako guztia kontuan hartuta, esan dezakegu ederto funtzionatzen duen komedia baten aurrean gaudela, eta hori pozgarria baino ezin da izan euskarazko antzerkiaren panoraman.