Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaria: Jokin Oregi. Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria. Musikariak-aktoreak: Adrian Garcia de los Ojos, Maria Arriaga Telleria, Ivan Allue. Jantziak eta eszenografia: Azegiņe Urigoitia. Argien diseinua: David Rodriguez. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Otsailak 21.
Aurtengo edizioan Ez dok hiru dugu Eibarko Antzerki Jardunaldietako lehen euskarazko antzezlana —hiru izango dira guztira, gehi beste bat haur-antzerkiaren sailean—, eta pozteko modukoa izan da Coliseo antzokia azken lerroetaraino beteta ikustea.
Ez da inorentzat berria esatea Mikel Martinez eta Patxo Telleria aspaldi dabiltzala euskara eta umorea arrakasta handiz uztartzen. Bikote eszeniko paregabea osatzen dute, eta Ez dok hiru-Bikoteatro izenarekin etekin polita atera zieten euskara ikasteak ekartzen dituen lanei eta hizkuntza zuzen erabiltzeak sortzen dizkigun zalantza gramatikal-existentzialei.
Oraingo Ez dok hiru honekin —zer esanik ez, umore fina dario izenburuari berari— jauzi eszeniko handia eman dute beren ohiko estiloaren bidetik, eta eszenan aurkitu dugunak ez dauka zerikusirik garai bateko bikote haren soiltasun eszenikoarekin. Eszenatoki gainean beste oholtza txikiago bat jarri dute, eta han kokatu dira akademiko itxurako antzezle biei lagundu dieten hiru musikariak, eta ezker aldean bonbilla gorriz egindako izenburuaren akronimo handi batek apaindu du giroa, glamourrez beteriko night-club batean bageunde bezala. Oholtza txikian perkusio gunea paratu diote Ivan Allueri —beste instrumentu asko jo ditu, bateria txikiaz gain— eta, eskuma aldean, teklatuetan ibili da Adrian Garcia de los Ojos, baina musikari biek txistua ere jo dute batzuetan eta Bachen Toccata eta Fuga famatuaren bertsio laburtua ere oparitu digute. Azkenik, ezker aldean kokatu da Maria Arriaga Telleria, eta bere nortasun handiko ahotsak kalitate berezia eman die musika-pasarteei, gitarra elektrikoak lagunduta.
Hala ere, argi dago ikusleak Patxo eta Mikelen ateraldiak ikustera eta entzutera etorri direla, eta, alde horretatik, nik uste dut formatu berri hau oso gozagarria egin zaiela. Egia esan, dena ez da musikarien parte-hartzearekin eta eszenatoki landuarekin amaitu, gaia bera aldatu delako —oraingo honetan ez da euskara bera izan, euskal musika baizik— eta antzezleek antigoaleko akademikoen pertsonaiak interpretatu dituztelako, jantzi egokiak, dramaturgia dibertigarria eta koreografia arinak lagun.
Normala denez, ezin diet sekreturik salatu emanaldia ikusi ez dutenei, baina jakin beharra dago euskal kantagintzako berrehun bat zati erabili dituztela dialogoak eta musika-pasarteak eratzeko eta Benito Lertxundiren abesti famatu haren berrinterpretazioak Loretxoa gaualdiaren puntu gorena markatu duela. Bitartean, ezin ahanzturan utzi Patxo Telleriak pianoan eta gitarran baliatu duen trebezia eta Mikel Martinezen dohain komikoen erakustaldia. Jokin Oregiren zuzendaritzapean bide onetik ibili da emanaldia, eta denen artean marka berri bat ezarri dute euskarazko umorearen alorrean.