Enigmak askatzen
Agus Perez
Berria, 2018-01-23
“Ergela”

Konpainiak: Txalo. Egilea: Jordi Casanovas. Euskaratzea: Martin Agirre. Zuzendaritza: Begoņa Bilbao. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Sara Cozar. Lekua: Bilboko BBK aretoa. Eguna: Urtarrilak 21.

      Enigmak askatzen ibiliko da gure protagonista (Jose Apaolaza), psikologo gupidagabe batek (Sara Cozar) etengabe paratzen dizkion galderei erantzun nahian. Diru mordoa irabaztearren proba batera aurkeztu du bere burua, baina ikusteko dago ataka horretatik onik irtengo ote den.

      Bilbon estreinatu berri den antzezlan honi ezin diogu komedia etiketa bete-betean jarri, eta drama esateak ere gehiegizkoa dirudi. Izendapenik onena, nik uste, drama arina izango litzateke, ikusleen kezkarako baino gehiago entretenimendurako egina dagoelako. Izan ere, tanto guztiak dauzka xede horretarako: bi antzezleren arteko duelu eszenikoa, erritmo neurtua eta atsedenik gabea, trama guztiz ezinezkoa baina aldi berean sinesgarria... Izan ere, asmo horrekin asmatu genuen antzerkia: bizitza errealean sinistuko ez genituzkeen gezurrak egia balira bezala aurkezteko, haien bidez giza kondizioari buruz hausnartu dezagun, sofismak eta dilema moralak tarteko. Ez da gutxi, gero, eta nik esango nuke kasu honetan ondo bete dela jatorrizko helburua.

      Jomuga horri begira, noski, bi antzezleen sendotasuna ziurtatu behar da, eta alde horretatik argi dago jokalari fidagarriak direla Cozar eta Apaolaza, esku artean duten gaia edozein delarik ere. Cozarrek determinazio osoz bete du erdi psikologo erdi teknokrata bihozgabearen rola, eta Apaolazak gustuko dituen pertsonaia gizatiar baina ia patetiko horietako bat eduki du esku-eskura. Bakoitzak distira nahikoa atera dio egokitu zaion arketipoari, eta bien artean tentsio eszenikoari eutsi eta amaierara arte bereganatu dute ikusleen arreta.

      Azkenik, eremu eszenikoa edukiko dugu aipagai. Naturalista izan arren, dekoratu txukunak ederki jaso du marrazo izaerako enpresa askoren estetika, eta hainbat gauzatarako lagungarria suertatu da, elementu bakoitzari emandako erabilera zehatzari esker. Dekoratuaren diseinuan zentraltasuna hartu du erdialdean jarritako pantailak, bertan proiektatu direlako ekintzaren lagungarri izan diren eszena filmatuak eta haien bidez erdietsi duelako muntaiak thriller psikologiko baten tankera. Euskarazko antzerkiak produktu konbentzionalak behar baldin baditu, nik behintzat oraintxe sinatzen dut horrelakoak izan daitezen.