Obrak: Jadanik hilda, Lapur minak eta Sweeney. Lekuak: Aulestiko udal aretoa, gazte lokaleko kanpoaldea eta pilotalekua. Egunak: Apirilak 20 eta 21.
Behar den moduan, Francoren bilobari gutuna-rekin amaituko dira aurtengo ADEL (Artedrama euskal laborategia) jardunaldiak, baina aurreko egunetan beste lan batzuk ikusi ditugu.
Osteguneko saio bikoitza udal-aretoan hasi zen, Gasteizko Parasite kolektiboaren eskutik eta Hannah Frances Whelanen zuzendaritzapean. Garazi Lopez de Armentiak bakardadean jardun zuen ordu erdiko piezan, bere mugimendu kalitatean eta dantzarako prestakuntzan bermatuta. Jadanik hilda deitzen da pieza, eta protagonistak amama hilarengandik espero duen laguntza dago lanaren oinarrian. Ahots grabatu batek gidatu du ikusleen gogoa dantzariaren eboluzioen artean, baina nik uste dut askoz kementsuagoa izan zitekeela pieza, testuok hezur-haragizko pertsona batek bertan deklamatu izan balitu. Presentzia horren ezean, enigmaren eremuan geratu dira dantzariaren eboluzioak, are gehiago soinu-bandaren histasuna kontuan hartuz gero.
Kalera irten ostean gazte-lokaleko kanpoaldean elkartu gara Pablo Ibarluzeak zuzendutako Lapur minak ikusteko eta bertan hiru gaizkile maitagarriren konplize bihurtu gara bizilagun batek irabazi duen loteria txartela gauez eta maltzurkeriaz eskuratzeko ahalegin barregarrietan. Aitor Fernandino eta Ion Zumelaga izan dira lapur minak Patricia Urrutia bikainaren gidaritzapean, eta Pako Revueltas memelo zortekoaren rolean sartu da, ezin hobeto sartu ere, bere pailazo dohain naturalei esker.
Halako kasuetan garrantzi handikoa da lekuan lekuko elementuei probetxu ateratzen jakitea, eta kasu honetan kalifikazio bikaina eman behar diegu, etxeak duen kanpoko eskailerari, ate eta leihoei atera dieten etekinagatik. Era berean, bikainak izan dira alboko baselizari, zaborretarako edukiontziari eta errepide alboko petrilari emandako erabilerak: harrigarria benetan zelan joan ziren herriko ume guztiak bertara Revueltasek bere burua handik bota ostean!
Hala ere, Francoren biloba baino lehen etorri da jardunaldiotako lehen obra handia, Zestoako talde amateur batek Sweeney izeneko antzezlana herriko pilotalekuan taularatu duenean. Amancay Gaztaņagaren zuzendaritzapean sortu den lan hau Sweeney Todd musikalaren moldaketa da, eta hogei bat antzezle gehi Jagoba Astiazaran piano-jolea aritu dira taula gainean. Zuzendaritza lanaren bertute nagusitzat jo ditzakegu antzezle bakoitzari hobekien zegokion rola ematea eta guztien aktore gaitasunak indartzea: haietariko batzuk distiratsu ibili dira beren pertsonaietan ?Txori saltzailea, Lovett anderea, Pirelli bizargina eta Todd bera bereziki? eta dramaturgiaren arloan aipatzekoak dira mimika bidez sortutako atrezzoa eta Arren ganbara eta emeen sotoa gogoangarri hartako makineria eszenikoari beste erabilera bat eman izana.