Zuzendaria: Mikel Sarriegi. Euskaratzea: Itziar Otegi. Eszenografia: Carlos Arruti, Anabel Varona. Musikaria: Iņaki Dieguez. Antzezleak: Mikel Sarriegi, Alvaro Garaialde. Lekua: Bilboko Campos Eliseos antzokia. Eguna: apirilak 6.
Aurtengo Loraldia jaialdiaren azken antzerki emanaldian E, petrel! ikusi dugu Bilboko Campos Eliseos antzokian eta Donostiako Astrolabium konpainiaren eskutik.
Agerikoa denez, antzezlanaren izenburua nabigazioari dagokio, baina harekin batera datorren azpitituluak —Julio Villarrekin solasean— gehiago esaten digu. Villar donostiarra goi mailako alpinista izan zen garai batean, eta hori baino gehiago bizizalea, antzezlanak erakutsi digun moduan. Mendi-istripu baten ondorioz, itsasora bideratu zuen bere bizitza eta munduari bira eman zion, bakardadean eta eskala laburragoak edo luzeagoak eginez planeta osoko leku askotan. Lau urte pasatxoko zeharkaldiaren ostean Lekeitioko portuan lehorreratu zen, eta abentura hartatik atera zuen liburua izan da oraingo eszenaratzearen abiapuntua.
Gogoetarako datu bezala, aipatzekoa da Loraldia honetako bost antzezlanetatik lau itzulpen bidez etorri direla osorik edo partzialki. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke, badirudielako euskara hutsez ez dela gaur egun Euskal Herri osoan testu nabarmenik sortzen, Patxo Telleriarenak izan ezik, berarenak izan direlako aurtengo edizioan euskara hutsetik osorik sortu direnak, Strep-tease antzezlaneko lau ataletatik hirurekin batera. Adi!, Dario Fo eta Franca Rameren omenezko Biba voi! irakurketa dramatizatuan beharrezkoak izan ziren, jakina, baina —berriro diot— zaindu beharreko eremua dugu hor.
Gauzak era batekoak edo bestekoak izan, txukuna eta egokia iruditu zait E, petrel!-erako Itziar Otegik egin duen itzulpena, eta emanaldian zehar gustura entzun dugu Mikel Sarriegi eta Alvaro Garaialderen euskara Julio Villar eta haren lagun ezezagunaren roletan hurrenez hurren. Antzezlan honen kalitate ona argitu nahi duenari lagungarri egingo zaio jakitea Sarriegi zuzendari eta antzezleak Donostiako TAEn eta Irungo Legaleon T-koengandik jaso duela heziketa, eta Jasone Alba edota Hernan Generengandik ere ikasi duela, bikain ikasi ere ene uste apalean.
Eszenografiaren planteamenduari dagokionez, porrot egindako elementutzat jo dezakegu Maushaus (Sagutxoen etxea) kolektiboko Carlos Arruti eta Aanabel Varonaren eszenografia, bien kontzeptualismo estralurtarrak ez duelako batere konektatu lanaren jatorrizko ideiarekin eta oso itxura eskasa eman diolako eszenari, kontuan izan gabe zein zaila den itsasoa agertoki batean irudikatzea: egur aglomeratuzko egitura miserableak eta plastikozko materialak itxura zatarrekoak dira hemen eta edonon, zaborraren kiratsa gogorarazten digute ezinbestean, eta ezin dugu irudi penagarri horretatik ganorazko ezer sublimatu.
Kontrako platerean, ordea, gauza asko jarri daitezke, eta haiei esker gogoratuko dugu lan honen txukuntasun nabarmena: dramaturgia dinamikoa eta irudimentsua, erritmo egokia, argien erabilera polit eta diskretua, jatorrizko testuaren moldaketa, antzezpenen kalitate ukaezina eta, nola ez, Iņaki Dieguez musikari bikainaren rola, bere akordeoitik irtendako melodiek soinu-paisaia koloretsuekin edertu delako proposamena.