Azala eta mamia
Agus Perez
Berria, 2017-03-26
“Strip-tease”

Ekoizleak: Loraldia jaialdia eta Arriaga antzokia. Argiak: Xabier Lozano. Irudi proiektatuak: David Bernues. Soinua: Mikel F. Krutzaga. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 24.

      Bilboko Arriaga antzokiko besaulki-patioa ia beteta zegoela estreinatu du Loraldia jaialdiak aurtengo edizioaren pieza nagusietariko bat, Goizalde Landabaso BERRIAko zutabegileak bere ironia finez egindako aurkezpen antzeztuaren ostean.

      Emanaldia lau gipuzkoar zuzendariri egindako enkargu batez etorri da mundura, baldintza bakar hauekin: strip-tease-aren gaia tratatzea eta lau piezak laburrak izatea. Lau zuzendariak datoz antzerkiaren eremu konbentzionaletik, baina diferenteak izan dira lauren planteamenduak, eta lau lanetan nagusitu da gaiari dotoreziaz ekiteko manera: Euskaldunon Egunkariaren eslogan hartan bezala, laurak zentratu dira mamian, azala erakusteari uko egin gabe.

      Jokin Oregiren testu batekin eta bere zuzendaritzapean iritsi da lehen atala, Orduan, ez naiz biluztuko? izenburuarekin, eta lau antzezleak —Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai— mikrofono banaren atzean paratu dira, strip-tease baterako casting batean baleude bezala. Egoera gogor horretan balizko epaileei zuzendu zaizkie eta beren azalpenek gaiari hainbat lekutatik ekiteko balio izan dute, betiere ikuspegi zerebraletik abiatuta eta txukun antzezpenetan, oso txukun Oregiren zuzendaritza lanari esker.

      Garbi Losadaren Lady Godiva, ikusten ez dena ez da heldu zaigu jarraian. Berak eta Jose Antonio Vitoriak idatzitako gidoian —bereziki eskertzen dut gidoi izendapena, behar den moduko apaltasuna adierazten duelako— figura mitikoaren istorioa antzeztu dute Aitor Beltran eta Asier Hernandezek. Biak ala biak ipurbistan paseatu dira ikusleen artean —mila esker, Zakilixut— amantal aldarrikatzaile soil banarekin jantzita, eta Godivaren rola Klara Mendizabal sopranoak jokatu du. Bera izan zen Losadak zuzendutako Lu eta Le antzezlaneko abeslaria eta nik esango nuke orduko hartan Juan Carlos Perezek konposatu zituen melodia deseraikien bidetik ibili dela Mendizabal oraingo inprobisazioetan.

      Dudarik gabe Mireia Gabilondoren pieza —Zutaz blai— izango da gu guztiongan eragin handiena utziko duena, Telmo Iruretak bere elbarritasunetik egindako interpretazioagatik —gidoilari ere jardun du Gabilondorekin batera—, gauzen gainean daukan ikuspegi umoretsuagatik eta gaiari emandako ikuspegi zintzoagatik. Haritz Morras antzezlea eta Oskitz Gorrotxategi tronpeta jolea haren lagungarri eszenikoak baino gehiago izan dira, eta Eneko Balerdi dantzariak amaiera aldera egin digun strip-teaseak benetako dantza-lan baten kategoria eduki du. Bide batez esanda, atal honetan bakarrik lortu dute irudi proiektatuek kategoria artistiko esanguratsua.

      Azken lekuan Fernando Bernuesen Begirunea etorri da, Sara Cozar eta Iņaki Rikarteren eskutik. Bernuesen ildoko eszenografia naturalista soilean elkartu dira Espainiako Gerra Zibilaren garaiko bi protagonistak Alfredo Sanzolen erdarazko testu baten moldaketan, eta bien ohiko efikazia eszenikoan bermatuta eraman dituzte portu onera biluztearen kontu delikatua eta bihotza ukitzen duen istorio sentimental polita.