Zuzendaria: Iņaki Ziarrusta. Testua: Fredi Paia. Eszenografia eta atrezzoa: Atx Teatroa. Jantziak: Atx Teatroa eta Moss ile-apaindegia. Aktoreak: Belen Cruz, Sandra Fernandez Agirre, Gabriel Ocina. Lekua: Kultur Leioa aretoa. Eguna: Otsailak 4.
Magurioak hasi dira jaten Adriana eta Josef pertsonaia gaiztoak off-eko ahots beldurgarri batek biolentziaren inguruko pentsamendu batzuk esan ostean. Boterearen pertsonifikazioa izango da emakumea, eta haren zerbitzari otzana gizona, ohiko eskema era absolutuagoan irudikatu nahian, hau da, gizon-emakume dikotomiatik gorago kokatuta, haren azpian gertatzen direlako beste zapalkuntza mota guztiak.
Biolentzia sorgor eta ustez baketsu horrek bere benetako aurpegia erakutsi du Gudane pertsonaia matxinoaren agerpenarekin, eta hortik aurrera garatu ditu emanaldiak bere bertute eszeniko nagusiak, hiru elementuen arteko gatazka era askotan azaldu baita. Botere eta mendekotasun harremanek alderdi asko dituzte eta Fredi Paiaren testuak haietariko batzuk jaso ditu, euskara batuari bizkaierazko ukitu batzuk emanez. Nire gusturako, kutsu didaktiko nabarmenegia hartu dute batzuetan —heziketari buruzko pasartea kasu—, baina umoretsu ibili da beste batzuetan —politikari ezagunen eroskeria parodiatzean—, eta hitz gutxirekin emakumeen kontrako ekintza lizunetan, halakoetan hitz gutxi baliatzen direlako. Une horietan hotzikarak jota geratu da publikoa, eta isilune trinkoa sortu da aretoan.
Horren guztiaren aurrean, Iņaki Ziarrustak hiru hautu egin ditu, eta hiruretan kanporatu ditu beren konfort gunetik ikusleak. Eremu eszenikoan kaxoi laukizuzen handi bat izan da objektu eta apaingarri bakarra, eta harekin irudikatu dira magurioak jateko mahaia, epaiketarako tribuna —Alizia lurralde miresgarrian gogoan— eta nik ez dakidan zenbat gauza gehiago. Pertsonaien karakterizazioari begira, onkeriaren kontrako jantzi, orrazkera, makillaje eta jarrera probokatzaileen erakustaldia egin da, ohiko edertasunarekin nazkatuta gaudenon gozamenerako. Baina hiru hautuetan landuena pertsonaien fisikotasuna izan da, dantza mailako definizioaz mugitu baitira hirurak, hitzen kontraste esanguratsuan betiere, eta ikuslearengan artega berezi bat sorraraziz.
Beste era bateko artega sortu da Gabriel Ocina bere janzkera itxurosoarekin publikoaren inplikazioa eskatuz ibili denean —bide batez esanda, aspaldian ez genuen ikusi Ocina emanaldi osoko hain rol interesgarrian—, eta nik uste dut garai bateko Tribunal de Orden Publicok jakin beharko lukeela boto-emate bat eta guzti izan dela biolentziaren auziaren inguruan. Orain galdera da auzipetuak izango ote garen erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeagatik.