Egilea: arantxa Urretabizkaia. Antzerki taldea: agerre Teatroa. Antzezlea: Maite Agirre. Lekua: Kafe-Antzokia. Eguna: Martxoaren 6a.
Martxoak 6,asteazkena. Bilboko Kafe-Antzokian Zergatik, panpox? ematen dute Maite Agirrek antzeztua. Ondo baino, hobeto pentsatzen dut neure baitan. Baneukan gogorik areto honek zelan funtzionatzen duen ikusteko antzerkia eman nahi dutenean, eta, bestalde, ez dut oraindik ikusi itxura ona duen muntaia hau. Gainera, Molly Bloom antzezlan aparta ikusi nuenetik, argi daukat ez dudala galdu behar aktore honen hurrengo lana. Trenean geratu naiz Kuban ezagutu nuen Arratzuko neska batekin emanaldira joateko. Aspaldi ez dugu elkar ikusten eta goizeko zortziak ez da momenturik aproposena kulturaz berba egiteko —egia esan, ezta beste ezertan pentsatzeko ere-, baina gure bi espiritu sonambuloek ez dute ahaztu hitz egindakoa eta iluntzeko zortzi eta erdietan antzokian elkartu gara, txiripaz geratzen ziren azken bi aulkiak hartzeo garaiz, oihala altxatu baino bost segundu arinago.
Txalupa xume batek betetzen du eszenatokiko erdialdea; bertatik publikoaren oinetaraino luzatzen du bere ehuna sare luze batek; popa aldetik, leiho inklinatu eta bonbila arrunt baten atzetik, hiriko silueta eskematiko batzuk ikusten dira, desordenan. Batelaren erdian Maite Agirrek, eserita zeharo biluzik, bizkarra ematen digu. Eta horrela hasten da bidaia. Emakume protagonistak lehorrean egiten duen ibilbidea, bertan eguneroko errutinaren lurralde fisikoak zeharkatuz, baina aldi berean, ametsa eta gogoetaren eremu inmaterialetatik paseatuz.
Batela, sarea, hiriaren kaosa, biluztasuna… elementu hauek guztiak sinbolismoz kargaturik dagoz. Txalupa, babesleku eta ezegonkortasun sinboloa batera; sarea, eszenatokitik beherantz jaitsiz, publikoa harrapatu nahian-edo, baita beste sare guztiak ere, non sarritan trabaturik geratzen garen, ohituraren sare erosoa, betebeharraren sare latzek, maitasunarenak goxoagoak; eta protagonistaren biluztasuna azkenik, zeren, jantzita ere, beti botoiak lotu barik eramaten baitu alkondara, lotu gabe gona, beti jaustear dagoela. Baina horren guztiaren gainetik Maite Agirreren aktuazioa dago, protagonistaren rolari bizitza, arima eta gorputza ematen, publikoaren arreta erabat erakartze, Urretabizkaiaren testuaren hitz bakoitzarekin gozatzen. Duela 17 urte idatzi zen nobela honek, barne sentsazioez josita, pentsamendu eta irudiez betea, paralelismo bitxi bat dauka Joice-ren Molly Bloom-en orriekin, garatzen duen introspekzio-ariketagatik batez ere, eta antzezlan honen bitartez konprobatu ahal dugu ez duela inolako baliorik galdu urteotan zehar.
Protagonistaren egunbeteko bidaia amaitu egin da. Ostera ere, biluzik dago emakumea, bere txalupa babeslean, sareen artean. Txaloen ostean, lokalak bere kafetegi itxura berreskuratzen du eta jendea gelditzen da inpresioak trukatzera. Nire laguna eta biok berandu arte geratzen gara eta bizitzaren gauzak komentatzen ditugu, galdutako lagunak, etorkizunerako planak. Elkarrengandik agurtzean, gaueko hamabiak dira jadanik. Goizeko trenerako zortzi orduko baino ez dira falta.