Agurearen begi lausoa
Agus Perez
Berria, 2016-05-15
“Bihotz salataria”

Konpainia: Atx Teatroa. Egilea: Edgar Allan Poe. Euskaratzailea: Iņaki Ziarrusta. Soinu-espazioa: Edu Zallio. Lekua: Gernika-Lumoko Trinkete antitxokoa. Eguna: Maiatzak 13.

      Agurearen begi lausoak urduri jartzen du protagonista. Gero eta urduriago gauez gau, halako indarrez non une batetik bestera agurea hiltzea erabakitzen duen, gau betean, isiltasun osoz eta hilketa muturreko xehetasunez prestatuta.

      Edgar Allan Poeren beldurrezko ipuin horretan oinarritu da Iņaki Ziarrusta orain gutxi estreinatu den antzezlanari ekiteko, eta nik esango nuke ezin hobeto elkartu direla muntaia honetan Atx teatroak bilatzen dituen paradigmak: antzerkirako testu bikainak euskararen ondarera ekartzea, Artauden krudeltasunaren antzerkiari bide berriak zabaltzea eta aktorearen gaitasun fisikoak horren guztiaren zerbitzura jartzea.

      Lan honetarako, bi izan dira agertokia osatu duten elementu nagusiak. Ikusgarriena egurrezko ohea izan da, une batzuetan izuaren ate bilakatu dena, eta bestea, soinu-espazioa, haren eraginez areagotu delako beldurraren sentsazioa, narrazioak eskatu ahala. Hala ere, esandako elementuak antzezlearen lanaren euskarri soila izan dira, Ziarrusta izan delako lan osoaren ardatz eta zutabea, bere presentzia eszeniko ikaragarriarekin ?ezinbestekoa beldurrezko kontakizun baterako? eta bere gorputzaren gaineko kontrol erabatekoarekin. Alde horretatik, nabarmentzekoa da antzezleak bere gorputzeko atal bakoitzari emandako rola: oinetako behatzek behegainaren kontra egindako hots lakarra, eskuetako atzamarrekin irudikaturiko atzaparrak, eskuetako atzazal beltz luzeak, begietako kolore diferenteak, arropa zarpaila, begirada psikopata, keinu zehatz-zehatzak, bizarraren itxura artegagarria?

      Horren guztiaren osagarri, euskararen tratamendu eredugarria etorri da, bizkaiera batu ederrean eta ahoskera jasoan eman baitu Ziarrustak bere pertsonaia. Horrelako bidetik lorpen bikoitza eskuratu du aktoreak: ikusleekiko hurbiltasuna alde batetik, eta hurbiltasun horrek bere pertsonaia are beldurgarriagoa egitea bestetik. Hori guztiari mendebaldeko euskarari emandako dotorezia ahaztu barik, jakina.

      Amaitutakoan laburra iruditu zait antzezlana ?pieza laburra da oraingoz?, eta argi geratu zait askoz gehiagorako eman ahal duela orain hasitako lanak. Antza denez, luzatzeko asmoa dauka Atx teatroak, eta horren zain egongo gara. Ikaraz baina pozez.