Testua: Ramon de los Santos eta Jose Carlos Garcia. Euskaratzea: Ainara Ortega. Zuzendaritza: Jose Carlos Garcia. Eszenografia: Jose Carlos Garcia, Palco CB. Jantziak: Ana Turrillas. Antzezleak: Miren Tirapu, Xabi Donosti, Iraia Elias. Lekua: Eibarko Hezkuntza-esparruko aretoa. Eguna: Martxoak 21.
Pausoak zenbatzen ditu emazteak bere sukaldean. Hozkailuraino egiten dituenak eta handik bueltakoak. Zenbat pauso egunean, zenbat kilometro urtean, betiere sukaldetik irten barik. Emaztea bere gizonari emana dago, eta gizona egunero doa paradisuak eraikitzera, urte askoan gure gizartearen paradigma izan diren paradisuak: sukalde perfektua, etxetresna elektrikoak… Beharbada, apur bat zaharkituta dago garai bateko eskema hori, baina nago gure garaian beste forma batzuk hartu dituela, itxuraz leunagoak agian, baina horrexegatik arriskutsuagoak.
Gainera, esandako eskema ondo datorkio Sherezade honen planteamenduari, Mila gau eta bat gehiago-ko Xerezadek bezala alegiazko kontakizunetan bizirauten dutelako bai emakumeak bai gizonak berak, inora ez doan bidaian sartuta baina ustezko zoriontasun baten peskizan. Dena dela, argumentua ez da oinarrizko eskema horretan geratu, eta amaren figuraren inguruan beste pertsonaia bi agertu zaizkigu. Harengandik mutur batean amamaren pertsonaia jokatu du batzuetan Xabi Donostik, eta aitortu behar dugu hasieran behintzat lekuz kanpo utzi gaituela haren egitekoak, aitarena ere jokatzen zuelako beste batzuetan. Miren Tirapuk egin du ama dikotomikoarena eta Iraia Eliasek eman dio bizitza bizi nahi ez nahi, oso argi ez duen balizko umekiari.
Horrek guztiak esaten digu oso ohikoa ez den planteamendu baten aurrean gaudela, eta eszenaratzea ere oso ohikoak ez diren bideetatik ibili da Jose Carlos Garcia zuzendariaren trebetasunei eta hiru antzezleen lan eta antzezpenei esker. Izan ere, Garcia (Mozambike, 1969) hirutan agertu zaigu egunotako emanaldietan, bai Eibarko Antzerki Jardunaldietan bai beste leku batzuetan, eta berak zuzendutako lanetan —Lisboako (Portugal) Chapitôren Electra, Durangoko Gorakadaren Ulisesen bidaia eta Donostiako Vaivenek Chapitôrekin egindako hau— oso nabarmena izan da elementu eszenikoei eta gauzakiei emandako erabilera. Zientoka koilara izan ziren Electra-ko elementu eszeniko bakarrak, Ulisesen bidaia-n “fokuetarako oinarriak eta biserak nagusi izan dira gauzakien alorrean”, idazten nuen orriotan duela gutxi, eta oraingo honetan argi dago sukaldeko tresna orori emandako rol absurdua izan dela muntaiaren ezaugarri nagusia.
Hala ere, argi dago Chapitôko zuzendari artistikoak konpainia bakoitzaren zerbitzura jartzen dituela bere dohainak, denek gorde dutelako haiengan estimatzen dugun izaera, eta kasu honetan kontuan hartzeko modukoa da Ana Pimentak alboko zuzendari legez egin duena, duda barik berari zor diogulako muntaiak hartu duen izaera samurra. Amaitzeko, berri on bat gu guztiontzat: jatorrizko bertsioko berba-jokoak gurera ezin ekarrita —eskerrak!— askoz hobeto geratu da euskarazko bertsioa, umore zuriaren zozokerietatik ia libre eta euskaraz aritzeak antzezleengan eragindako soiltasuna lagun.