Seduzitzeko dohaina
Agus Perez
Berria, 2015-11-03
“Kreditua”

Egilea: Jordi Galceran. Zuzendaria: Fernando Bernues. Antzezleak: Joseba Apaolaza, Zuhaitz Gurrutxaga. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 30.

      Seduzitzeko dohaina dauka bezeroak, eta banketxera kreditua eskatzera doanean sukurtsaleko zuzendariak ez daki ez norekin ari den ez gauzak nola aldatuko diren, bezeroak daukan seduzitzeko ahalaren ondorioz.

      Jordi Galceranek idatzitako komedia sormentsu hau Bilbon egon zen orain dela urte pare bat, Espainiako bi aktore ezagunen esku, Arriagan bertan eta gaztelaniazko bertsioan, eta horrek are interesgarriagoa bihurtu du euskaraz hiru egunez programatu izanaren erronka. Ikastola zein euskaltegientzako emanaldia 29an izan zen, eta publiko zabalerako lehen egunean polito gainditu du proba.

      Ikusleak ere majo hurbildu dira antzokira eurak ere proba gainditzera, eta horretan elementu guztiak eduki dituzte alde. Hasteko eta behin, Galceranen testua gu bezalako jende arruntaren kezketan oinarritua delako: diru premian egon eta bankarien jokabide harroputza jasan behar izan dugunongandik hurbil dago, eta buelta ematen dio itxaropenik gabea zirudien egoerari, sormen eta umorearen bidez gainera. Baina ba ote dago umorea baino gauza sormentsuagorik?

      Sormenaren bide horretatik, aipatu dezagun Aitziber Garmendiaren euskaratzeak ondo funtzionatu duela antzezleen ahotan, zuzentasunaren eta naturaltasunaren erditik doan bidezidorretik jator ibilita eta bere sen onari kasu eginez. Galceranen testuak, gainera, teknizismo burokratikoetan jausteko parada ematen zuen, baina Garmendiak jakin izan du arrisku hori egoeraren alde jartzen, eta bezeroaren euskaltzaletasuna baliatu du horren kontura, umore finaren galbahetik pasatu ostean.

      Tanttakako ekoizpenetan ohikoa den legez, bankariaren bulegoko dekoratu eskematiko txukunak girotu ditu eszena guztiak. Funtzionala eta garbia izateaz gain, dramaturgiaren alde jokatu du, eta atzeko proiekzioak behingoagatik lagungarriak izan dira egunen joan-etorria irudikatzeko, betelan hutsezko sentsaziorik eman gabe. Azkenik, badirudi Bernuesek errespetatu egin duela antzezleen abiadura naturala, itzelezko abiaduraren moda gogaikarriari uko eginez. Zorionak! Egia da eztabaida sutsuetan azkarrago hitz egiten dugula, baina kasu honetan bien hizkera garbia nagusitu da eta are nabarmenago egin zaigu antzezle bien gaitasuna: Apaolaza dotore, bere pertsonaiari bizitzak ekarritako aldarteen jabe, eta Gurrutxaga sutsu, gazteagoei dagokien bezala eta tinko eutsiz bien arteko dema politari.