Obrak: 'Satisfaktion' eta 'Ta oain ze?'. Lekua: Gernikako Trinkete antitxokoa. Egunak: maiatzak 10 eta ekainak 8.
Gernikako Trinkete antitxokoak Atxiki delako antzerki zikloa antolatu du formatu txikiko pieza batzuekin, eta azken biak —Satisfaktion eta Ta oain ze?— ikustearen plazera izan dut. Beren bakardadean agertu zaizkigu bateko zein besteko protagonistak, lan biek oso planteamendu desberdina duten arren, eta bakardade horretan zintzotasunez sakondu izanak kalitate berezia eman die biei.
Satisfaktion Khea Ziater taldeak sortu du, Alex Gerediagaren zuzendaritzapean, Gerediaga bera teknikari rolean zegoela. Egia esan, erdi teknikari eta erdi aktore ibili da hasiera batean, berandu ei zetorren antzezlearekin —Maria Urzelai——ika-mikan. Gizaki arrunta zirudiena, ordea, laster sartu da bere beste pertsonaian, eta posizio horretatik prostituta baten bizipenak eta pentsamoldea joan da aletzen, naturaltasun osoz eta patxada ederrean, gordintasun puntu batekin baina dramatismo merkean inoiz jausi barik.
Urzelaik presentzia eszeniko sendoa eta segurtasun handia erakutsi ditu pertsonaia artegagarri hau eraikitzerakoan, eta muntaiaren elementu guztiek —kitsch gustuko dekorazio zuriak, gortina gainean proiektatutako irudiek, soinu-banda esanguratsuak...— sendotasun handia eman diote proposamenari. Ez da harritzekoa, gero, Donostiako Poltsiko antzerki saria eskuratu izana!
TTak teatroaren Ta oain ze? izan da zikloan programatutako azken antzezlana. Miren Alcalak zuzenduta, errotonda baten erdian agertu dira Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias, maleta banarekin, ibilgailu askoren zaratek inguratuta eta handik irten ezinik. Ikusleok euren inguruan jesarri gara eta behegainetik zeuden argiek ere kotxe fokuen itxura susmagarria zuten.
Bitartean, emakume biek pertsonaia bakarra balira bezala jokatu dute, batzuetan ispilu eran, beste batzuetan txandaka berba eginez, eta behin edo behin paraleloan eta batera. Disposizio horrek oso erakargarri bihurtu du proposamena, dinamika berezia sortzeaz gain are garbiago ikusi dugulako emakume arketipo bat zegoela han erdian, ibilgailuen zaratek, guk geuk eta bizitzak berak inguratuta, egoera horretatik irten ezinik, edo beharbada, egoera horretara moldatu beharrean. Bakardadea balitz zeru posible bakarra.
Aurrekoak bezala, emanaldiak zerbait mugiarazi du gure baitan, eta sentipenen dantza areagotu egin da jarraian etorritako kontzertuarekin. Bertan, Habanatik etorritako Las dos D / Bi D-ak ahizpek Kubako zein Euskal Herriko hainbat olerkariren poemak musikatu eta beren kristalezko ahotsekin abestu dituzte, pianoak lagunduta, jator-jator eta euskarazko abesti ugarietan ahoskera ezin garbiagoa erakutsiz. Zorionak, Kuba, eta mila esker!