Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iņigo Ortega, Joseba Roldan. Testua: Oier Guillan eta aktore taldea. Jantziak: Idoia Beratarbide, Maria de Bernardo. Argiak: Ander Fernandez, Jabi Barandiaran. Musika: Ander Fernandez. Lekua: Errenteriako Niessen aretoa. Eguna: Martxoak 12.
Taula gaineko aktore taldeko kide batek leihoa zabal-zabal ireki du, goizeko aire freskoa eta munduaren berri jasotzeko gogoz. Baina leihoa zirudiena egunkariaren orriak izan dira, eta leiho horretatik jakin du gizaki guztiok dauzkagula super botereak, zertarako balio ote duten oso argi ez dugun arren. Abiapuntu horretatik hasi dira Metrokoadroka kolektiboko partaideek eraikitzen Zertarako hegoak antzezlana.
Banaka hartuta, ordea, norberaren ezaugarri bereziek ez dute balio handirik bizi garen mundu malapartatu honetan behintzat eta, horren kontura, taula gaineko bost aktoreak etengabe mugitu dira nitasunaren eta gutasunaren kontzeptuaren artean, plano kolektibo horretan hartzen dutelako berezko indarra norbanakoen ahalmen miresgarriek.
Jakina denez, BERRIAren hamargarren urtemuga ospatzeko sortua da Zertarako hegoak antzezlana, eta sortzaileen jite kolektiboa ezin hobeto egokitu zaio komunitate indartsu baten parte izatearen ideiari. Bide horretatik, dramaturgiaren arloan garrantzi bera hartu dute norbanakoen nortasun aberatsek eta talde osoak eraikitako irudi kementsuek. Gainera, nik uste dut ez dela kasualitatea izan taula gainean bost kide izatea, eskuko bost atzamarren irudia elkarlanaren eta ekintza eraikitzailearen paradigma delako. Eremu eszeniko zeharo hutsa ere esanguratsua izan da, ezin hobeto irudikatu baititu zero absolututik abiarazten diren prozesu emankorrak.
Egiatan, baina, ez dira zero absolututik abiarazten, oinarrian dituztelako norbanakoen super botereak eta elkarrekin jarduteko borondate hautsezina. Hasierako hustasun hori bihotzez bete dute bost antzezleek, argiztapen apal baina samurrean bilduta eta jantzi txiroen diseinu koloretsuak lagunduta. Bestalde, prozesu horretan funtsezkoak izan dira pertsonaia guztien barne indarra, jarrera txiki bakoitzari emandako esangura, bizitza arrunteko hotsekin eta keinuekin eratu diren dekoratu ikusezinak, eta heroi arrunten omenez sortutako himnoak.
Horrekin guztiarekin eta kolektiboko partaideen sormen paregabearekin jaio da euskal dramaturgiaren izar berri hau: ikusle arruntak sano gozatuko du emanaldiarekin, eta ikusle prestuak plazer handiz jasoko ditu ohiko antzerkiaren eremuan gutxitan aurkituko zituen bertuteak.