Nerabe kontuak
Agus Perez
Berria, 2013-03-26
“Pottola”

Egilea: Neil LaBute. Euskaratzea: Inma Infiesta. Zuzendaritza: Begońa Bilbao. Antzezleak: Lur Korta, Aitor Fernandino, Joseba Usabiaga, Ainhoa Garai. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoak 24.

      Nerabe kontuetan murgilduta dabiltza Pottola antzezlaneko pertsonaiak, itxuraz behintzat helduak izan arren. Gorka exekutibo tipikoa neska lodi batekin maitemindu da, eta laneko lagunek —antza denez, bulegoko lankideak dira bere lagun bakarrak— barre egiten diote, batere gupidarik gabe.

      Egia da loditasunaren arazoa larria izan daitekeela, hala arlo fisikoan nola psikikoan, eta ondo legoke gaiari ekitea, batez ere nerabeen artean. Neil LaBute estatubatuarrak, ordea, herri hartako komedien komertzialtasun errazenetik heldu dio gaiari, eta bulego erraldoietan entusiasmoz bizi diren (eta lan egiten omen duten) burokraten bizimodu ustez liluragarrian kokatu du kontakizuna. Bakarrik horrela ulertu daitezke argumentuaren sinesgarritasun eskas-eskasa, lankideen arteko harreman miserableak eta egoerak garatzerakoan nagusitu den sinplekeria.

      Eszenatokiak hiru gune eduki ditu giroak irudikatzeko —jatetxea edo kafetegia, bulegoa eta hondartza— zeren eta, kapitalismo tamalgarrienari gorazarre eginez, enplegatu guztiek enpresa-jaia ospatzen dute itsasertzean azkeneko eszenan. Esandako hiru guneak irudikatzeko, modulu bana atondu dute taula gainean, eta haietariko bakoitza eskematikoki gauzatu da, proiekzio finkoak eta altzari ezkutagarriak erabiliz. Panel guztien higadura, aldiz, begi-bistakoa izan da, eta horrek izugarri areagotu du muntaiaren eskastasun sentsazioa.

      Abiapuntu makal horren aurrean, antzezleek ahal izan duten guztia egin dute defendaezina zena defendatzeko, eta gogoz gorpuztu du bakoitzak bere pertsonaia. Baina horretan ere nabaria izan da haien guztien ahoskera landugabea —noizbait heldu beharko diogu auzi arantzatsu honi—, zeren eta norberaren etxean edo lagunartean darabilgun euskarak ez du beti balio era askotako ikusle ezezagunei mezuren bat ganoraz komunikatzeko, antzezten ari garen pertsonaia jatorra izan arren eta eszenaratzen dugun egoera lagunartekoa bada ere.

      Eskertzekoa da, beraz, gizartearen gai sentikor bati heldu izana eta are gehiago euskaraz emateko egin den ahalegina. Hurrengo baterako eskatzen dut, ordea, gaiak eta euskarak behar duten arretan dedikaziorik zorrotzena jartzea.