Egilea: Julio Salvatierra. Euskaratzea: Idoia Barcelo. Zuzendaritza: Jose Carlos Garcia. Musika: Fran Lasuen. Musikaria: Mikel Gaztaņaga. Aktoreak: Jose Cruz Gurrutxaga, Aritza Rodriguez, Miren Larrea. Txotxongiloak: Javi Tirado. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Otsailak 17.
Bere eleberri famatuan, Jules Vernek proposatu zuen posiblea zela munduari itzulia 80 egunean egitea, baina Gorakada taldeak marka hautsi du bere 25. urtemuga ospatzeko, eta ordu betean eraman gaitu munduan zehar, Londresetik Londreseraino, Phileas Fogg gentleman britainiarrarekin eta Passepartout haren zerbitzari kementsuarekin.
Ez da erronka makala hain obra ezaguna eszenatokietara eramatea, baina Alex Diazen inguruan dabilen taldeak jakituria handia pilatu du mende laurden honetan eta, egiari zor, aurreko lan guztietan bezalako sormenez, arretaz eta samurtasunez ekin dio lanari. Bide horretan, funtsezkoa izan da testuaren antzerkirako egokitzapen arin eta dinamikoa, eta nik bereziki eskertu dut euskara batuaren kalitatea, atsegina eta komunikatiboa izan delako, are gehiago antzezleen ahoskera eta deklamazio perfektuan. Gozagarria egin zait, benetan, eta seguru nago lagungarria ere suertatu dela lanaren indarra guganaino bideratzerakoan.
Ulertzekoa denez, munduko hainbat leku girotu eta kontakizunaren hainbeste pasadizo jaso behar dituen muntaiak garrantzi handia eman dio eszenaratzeari, baina horretan ere jakin izan du talde sortzaileak bere betiko altxorra erabiltzen, eta den-dena gauzatu da dramaturgia, eszenografia, musika eta objektuen arteko alkimia miresgarriari esker. Izan ere, zaila egiten zaigu esatea zer izan den objektu, zer dekoratu, zer pertsonaia eta zer musika, pianotik irtendako notek egoerak eta sentsazioak definitu dituztelako, eta pianoa bera munduko mapa, itsasontzi, lera edota Reform Clubeko edaritegia bihurtu zaigu unearen arabera, taula gaineko maletak tren eta elefante bilakatu diren bezalaxe. Bide batez esanda, a ze maisulan puska egin duten elefante gaineko bidaia irudikatzeko!
Baina esandako guztia ez zen ezer izango aktoreen lana izan ezean, eta alde horretatik esan beharra dago txukuntasun osoz gorpuztu dituztela laurek beren pertsonaiak, objektuen artean erabat integratuta, rol batetik bestera di-da batean jauzi eginez eta haiei guztiei nortasun berezia eta bihotza emanez. Uste zabaldua da Gorakadak ume-antzerkiaren esparruan jarduten duela, baina jakin behar dugu bere lanetan magia bikoitza gertatzen dela: umeak nagusi sentitzen dira eta nagusiok ume, zorionez.