Bukatu da garizuma
Agus Perez
Berria, 2011-04-21

 

      Garai batean, garizumaren amaiera berri pozgarria zen: berrogei eguneko penitentzia giroko sasoiaren ostean, bizimodu normala berreskuratzeko ordua ailegatzen zen. Eibarko Antzerki Jardunaldiak ere garizumaren aroan izaten dira, baina, paradoxikoki, haren kontrako funtzioa betetzen dute. Izan ere, Hausterre-egunetik Aste Santuraino urtero-urtero berpizten da antzerkiaren liturgia, eta berari esker arinagoak izaten dira negu sakoneko arratsaldeak eta udaberri hasierako ilunabarrak.

      Dudarik gabe, jardunaldiok erreferente nagusienetariko bat dira gure antzerki-panoraman, hiru arrazoi nagusi direla kausa. Hiruren arteko lehena urteetan eta hamarkadetan zehar irauten jakin izana da. Aurtengo edizioa 34.a izan dela pentsatze hutsak ikara moduko txiki bat eragiten du, horrek esan nahi baitu Franco hil osteko borroka-urteetan jaio zirela. Eta harrez geroztik gizarte-aldaketa guztien gainetik ibili dira, antzerkiak bere zeregin sozialean jasandako aldaketa itzelak gaindituz eta garaian garaiko gizartearen beharrizanei erantzun egokia emanez.

      Esandako iraupen luzea lotuta dago, ezinbestean, jardunaldiek Eibarren duten errotze sendoarekin. Urte askoan, bertako Unibertsitate-esparruko aretoan antolatu ziren emanaldiak, beraren inguruan sortutako Narruzko zezen talde antolatzailearen laguntzaz, eta denboraren poderioz herriko beste egitura batzuekin ere sortu dira kolaborazio emankorrak. Horren adibide dira inguruko ikastetxeekin antolatzen den antzerki gidoi eta artikulu lehiaketa –euskaraz eta gaztelaniaz–, Korrika dela-eta herriko AEKrekin eta Udalarekin programatutako emanaldia, Eibarko Emakumeen Mahaiarekin eta Berdintasun Udal Zerbitzuarekin martxoaren 8a gogoratzeko saioak edota Ego Ibar zineklubarekin eta Plano Corto elkartearekin ematen diren zine proiekzioak.

      Baina, beste ezeren gainetik, programazioaren barietatea eta kalitatea dira jardunaldien betiko tanto nagusia. Aurtengo izarrak Andaluziako La Zaranda –Nadie lo quiere creer– eta Histrion teatro konpainiak –Del maravilloso mundo de los animales: los corderos– izan dira, eta haien pare ibili da, kategoriaz eta kemenaz, Errautsak, Artedrama, Dejabu eta Le petit théâtre de pain konpainiek sortua. Guztira, bost emanaldi programatu dira euskaraz –esandakoa gehi Sekula bai!, Presidente andreak, XL town eta haurrentzako Ali, amona Kandelaria eta alfonbra hegalaria– eta bosten artean euskaraz sortutako antzerkiaren kalitatearen erakustaldia burutu dute. Azkenik, aipatzekoa da jardunaldiek unibertsitate-taldeei ematen dieten garrantzia. Aurten Madril inguruko bi unibertsitatek lan bina aurkeztu dute, eta URJCko Días mejores muntaia, behintzat, lan beraren bertsio profesionala baino egokiagoa suertatu zen. Ea noiz aurkeztu ahal dugun Euskal Herriko talde unibertsitarioren bat Eibarko Antzerki Jardunaldietan!