Ostrukarena egiten
Agus Perez
Berria, 2011-02-20

 

      Samuel Becketten testu bateko argumentua etorri zait burura euskarazko antzerkiaren egoera penagarria ikustean. Gurean antzezten ari den antzezlanean, ordea, ez gaude Egun zoriontsuak obrako emakumearen egoera berean, kontrakoan baizik. Hark gorputz osoa zuen harean sartuta, eta burua bakarrik geratzen zitzaion kanpoan errealitatea ikusteko. Kontrako erara, badirudi ostrukarena egiten egon garela, edo nahi gaituztela, burua zuloan sartuta, errealitatearen gordinari ez ikusiarena egiten.

      Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako antzoki publikoen sarearen datuek aspaldian susmatzen genuen egoera baieztatu dute: azken hiru urteotan izugarri jaitsi da euskarazko emanaldien kopurua, eta eskandaluzko minimoetara heldu gara. Bitxia da, ordea, azken hamar urteetako datuei erreparatzea, argi dagoelako urterik urte emanaldi kopurua gora zihoala etengabe, 2007an maximoa jo arte —447 emanaldi eta 87.520 ikusle—. Hurrengo urtean hasi ziren gauzak maldan behera joaten, apurka hasiera batean eta amildegitik behera 2010ean, 135 emanaldi eta 18.935 ikuslerekin.

      Eta hor dago nik ulertzen ez dudan gauza bat. Nola da posible zortzi urtez jarraian goranzko joerari eustea —2006ko beherakada txikia kenduta— eta orain gauden moduan egotea? Zeren eta, datuek erakusten duten moduan, ikusleak ondo erantzuten ari ziren, nolabaiteko fideltasuna sortzen ari zen, eta, gainera, argi zegoen (eta dago) aurrerapen nabarmenak egiten ari ginela/garela hizkuntzaren gozotasunean eta muntatze askoren kalitatean.

      Ni, behintzat, ez naiz inoiz izan sektorearen kudeaketan aditua, egokitu zaidan zeregina alderdi estetikoak aztertzea baita, baina sektoreak bere adituak dauzka —Kultura Saila, euskara teknikariak, programatzaileak, eszena zuzendariak, banatzaileak...—, eta ikusleon lekutik uste dut inoiz baino premiazkoagoa dela egoerari era koordinatuan aurre egitea.

      Anartean, euskarazko lan eder batzuk beren bidea egiten ari dira hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik. Formatu txikikoetan, hortxe ditugu Ramon Agirreren Xentimorik gabe —izenburu egokia, zinez!— eta Tartean konpainiaren LKM. Handiagoak dira, berriz, Hika taldearen Aitarekin bidaian —Donostia Antzerki Saria 2010ean— eta, zelan ez, Artedramaren eta Le Petit Theatre de Pain-en Errautsak, ene ustez denboraldi honetako errebelazioa izaten ari dena. Kontrako platerean, Tanttakak beti erakutsi du euskararen aldeko konpromiso sendoa, baina haren azken sorkuntza biek —La mujer justa eta No me hagas daño— ez dute euskarazko ordainik edukiko, eta pena da, biak ala biak kalitate bikainekoak direlako.