Orain egun batzuk lotsa apur bat sentitu nuen Pako Aristiren artikulua -Idazle antzerkizale baten kezkak [BERRIA, 2010-07-11]- irakurri nuenean. Nik uste dut, berak apal-apal eta natural-natural hain egia borobilak esateak erdi kolapsatuta utzi ninduela, eta erdi lotsatuta ere bai, neure buruari galdetuz ea emanaldiak eta antzezlanak aztertzerakoan behar den beste garrantzia eman ote diodan berak azaldutako gaiari.
Kontua ez da berria, ordea, eta nik uste dut kultura moderno guztietan planteatzen dela zein puntutaraino eszenaratu behar diren egileen testuak, horrek beste galdera batzuk zabaltzen dizkigulako berehala. Izan ere, testuzko antzerkia, hau da, argumentuan oinarritutako antzerkia XX. mendera arte ezagutu dugun eredua izan da -eta jarraituko ahal du izaten mende askoan!-, baina ez dugu ahaztu behar antzerki garaikideak osagai asko elkartzen dituela, testua haietariko bat besterik ez dela. Askotan, gainera, antzerki garaikideko testuek ez dute argumentuzko egiturarik, eta hurbilago daude errealitatearen birsortze poetikotik. Abangoardiako antzerkian kokatu ahal dugun antzerki mota horretan testua eta antzezlanaren sortze-prozesua elkarrekin joan ohi dira, eta, beraz, zuzendariak ez dio idazle baten testu jakin bati jarraitzen. Kasu batzuetan, horrek oso testu pobreak jasanarazten dizkie ikusleei, baina beste batzuetan emaitzak onargarriak edo oso aberasgarriak izaten dira, eta zer esanik ez zuzendariak kalitate handiko liburuetako pasarteak aukeratzen baditu eszena gaineko ekintzak eta irudiak elikatzeko.
Beste ezer esan baino lehen, aitortu behar dut ez dudala irakurri Aristiren liburua -normala denez, liburuak zabalpenerako izan dituen zailtasun kafkiarrak ikusita-, baina uste dut ohiko egiturako antzerki-testuak beharrezkoak direla teatroak errealitatea interpretatzeko duen zeregina bete dezan. Hori bai, kasu horietan konpainiaren edo zuzendariaren esku dago testuari zer interpretazio eman, antzezpenen eta elementu eszenikoen aldetik.
Euskal idazleen testu klasikoen artean, eszenaratze pare bat gogoratzen dut gutxienez, biak ala biak eredugarriak eta herri-antzerkiarekin lotuak: Pedro Ignazio Barrutiaren Actto para la noche buena XVIII. mendeko testu baten egokitzapen garaikidea egin zuen Arrasateko Doka talde amateurrak Itziar Rekalderen zuzendaritzapean eta, oker ez banago, Jose Mari Velez de Mendizabalen testu-moldaketarekin. Piarres Larzabalen Ibañeta, berriz, gure iragan hurbilean sortu zen eta, Antton Lukuren aitzin-solas batekin, Iparraldeko hiru talde amateurrek parte hartu zuten Ander Lipusen gidaritzapean. Hala ere, horrek ez du esan nahi gure idazleen testuen beste eszenaratze askorik izan denik. Kontzientzia-aringarri bezala, kultura guztietan geratzen dira idatzizko antzezlan asko inoiz antzeztu gabe, seguruenik gauza bat delako obra idaztea eta beste bat horren muntaketa gauzatzeko baldintza materialak lortzea, baina Aristik arrazoi osoa du, eta euskal idazleek sortutako antzezlanek hain gutxi eszenaratu izana gure kulturaren desegituratze sakonaren isla da. Dudarik gabe, EHAZEk gaiari ekin beharko dio eta bere ekarpena egin ahalko du idazleen eta antzerki-konpainien elkarlana hobetzeko eta bideratzeko.