Badator dFeria!
Agus Perez
Berria, 2010-06-22

 

      Neguko aurreikuspen txarrak atzean utzita, berriro ere dugu dFeria esku artean. Nire uste, behintzat, berri pozgarria da, Donostiako Arte Eszenikoen Feria urteko hitzordu nagusia izaten delako antzerkiaren eta dantzaren esparruetan mugitzen garenontzat. Baina aurten are pozgarriagoa egiten zaigu, hasiera batean iragarritako aurrekontu murrizketak zirela-eta bertan behera geratzeko zorian egon zelako. Sektorearen eta dFeriako arduradunen jarrera, ordea, arduratsua izan zen, eta aurtengo dFeria laburtuan Euskal Herriarekin lotutako konpainiak eta lanak erakutsiko dira.

      Pentsamendu motzeko baten batek pentsatuko luke feria laburragoa eta bertokoa izateak kalte egingo ziola ezinbestean programazioaren kalitateari. Nik, ordea, aukera paregabea ikusten dut aurtengo trantsizio-edizioan, heldutasun froga argia delako geure ekoizpen eta sorkuntzekin osatu ahal izatea dFeriaren tamainako ekimen bat.

      Programazioari begiratu azkar bat botata, egun guztietan ikusten dut produktu handi bat gutxienez, eta zalantzarik gabe haien artean luxuzkoak izango dira Malandain Ballet Biarritz-en Magifique eta Tanttakaren La mujer justa, non eta Bartzelonan arrakasta handiz ibili dena. Beste antzezlan bikain batzuk -Txaloren Arrastoa edota Hikaren Aitarekin bidaian- gaztelaniazko bertsioan ezagutuko ditugu dFeriaren azoka izaerak hala eskatuta, eta haiekin batera ikusmina pizteko moduko beste lan batzuk egongo dira, hala nola K producciones-en 19:30 izeneko antzezlana edota Kolectivo Mostrenko-ren Tenemos que hablar. Haur-ikuskizunen artean, Iparraldeko EliralE konpainiak bere Otto samurra ekarriko du eta Golden Apple Quartet-ek eta Kanpingags-ek Goibel ikuskizuna estreinatuko dute elkarlanean. Bestetik, aldez aurretik esan ahal dizuet Katu Beltz taldearen Sisifo B aurtengo feriako lanik aipagarrienetako bat izango dela.

      Dantzaren esparruan ere izango dira estreinaldiak eta pieza interesgarriak. Arestian esandako Malandainen eta EliralE-ren emanaldiez gain, Organik konpainiak Maniatic@s aurkeztuko du, dantza eta antzerkia bere betiko estilo umoretsuan uztartuz, eta Jon Maia eta Pantxika Telleriaren artean sortutako (SOK)2 ikuskizunak bere su-proba pasatuko du Gazteszenako ikusleen aurrean. Hala ere, Ertza konpainiaren Urrunetik ametsetan eta Fingersix-en La sonrisa ganadora dira jakingura handien piztu didaten estreinaldiak. Asier Zabaletaren proposamenean Brasilgo dantzari batek eta Donostiako beste batek gai berberari ekingo diote elkar ezagutu gabe. Fingersix izenaren atzean, berriz, Marta Navaridas donostiarra dago, eta lan honekin ezagutuko dugu Amsterdamen jarduten duen dantzari eta performer paregabearen estiloa.