Konpainia:Chimeres, Pok Produkzioak-en laguntzarekin. b>Zuzendaria:Herve Estebetegi. b>Eszenografia:Annie Onchalo. b>Musika:Pascal Gaigne. b>Antzezleak:Lierni Fresnedo, Charlotte Mainge, Catherine Mourier, Asier Oruesagasti. b>Lekua:Lur Berri aretoa (Sara, Lapurdi). b>Eguna:Martxoak 13./p>
M eta K hizkiak nahasten ditu Mattinek, eta Baba, berriz, gor-mutua da. Zaila dirudi, beraz, bien arteko elkar-ulertzeak. Baina haurren bideak helduok espero ez ditugun lekuetatik doaz, eta ezinezkoa zirudiena gertatzen denean adibide moral handia jasoko dugu ikusleok. Catherine Zambon-ek frantsesez idatzitako testuak ate asko zabaltzen ditu giza balioen arloa ikasleekin jorratzeko, eta konpainiak gaiari heltzeko dossier bat prestatua du irakasleen lana errazteko. Baina aurrera joan baino lehen, esan beharra dago beste ezeren gainetik antzezlan irudimentsu, hunkigarri eta umore handikoa atondu dutela, eta Txomin Hegik prestatu duen euskarazko bertsioak ederki funtzionatu duela, bai haurren bai helduen artean.
Planteamendu eszenikoak emanaldiaren hasieratik bertatik harrapatu gaitu, eta liluratze-prozesu horretan rol nagusia jokatu du sorpresaz beteriko eremu eszenikoak. Hasiera batean egurrezko hiru kutxa bertikal besterik ez dago taula gainean, baina kutxetatik komunikaziorako hain garrantzitsuak diren oinak, eskuak, aurpegiak eta begiak agertuko dira, eta beranduago kutxak zuhaitz bihurtu eta zoruaren erdian ibaia zabalduko da, bi mundu elkargaitz haiek bananduz eta ibai gaineko zubiaren bidez berriro batuz.
Lau antzezleen lana ere aipatzeko modukoa izan da, eta haietariko bakoitzean hiru bertute goraipatuko genituzke: eremu eszenikoari egokitzeko gaitasuna, barne karakterizazioa eta haurrak zein helduak gogobetetzeko energia neurtua. Laurek erakutsi dute Chimeresen betiko maila bikaina, baina hala ere, Mainge eta Oruesagastiren interpretazioak bereziak izan dira, lehenak ahalegin trinkoa egin duelako gor-mutuen mundua irudikatzeko eta bigarrenak haur bizien xarma berezia eman diolako muntaiari.