Txalo errazak
Agus Perez
Berria, 2009-06-17

 

      Pasa den astean izan dira Bilbon eta Barakaldon ACT jaialdiaren ekitaldiak, eta datozen hiru egunetan jaialdiaren errepikapen laburtua ikusiko da Basauriko Sozial antzokian, ReACT izenaren pean. Beraz, bien bitarteko epea aprobetxatu nahiko nuke haren inguruko gogoeta batzuk plazaratzeko.

      ACT jaialdia duela sei urte jaio zen Barakaldoko BAI antzerki eskolaren ekimenez. Laster batean Bilbora ere hedatu zen, eta aurten Basauriraino iritsiko da lehenengoz. Jardunaldiekin batera ikastaroak, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak antolatzen dira, baina dudarik gabe atalik nagusiena Laburract izenekoa da, Europako herri askotatik etorritako sortzaile gazteen lanak ikusteko aukera ematen duelako. Dantzine izenekoan, berriz, bideo-dantza lanak proiektatzen dira eta batak zein besteak lehiaketa izaera dute.

      Jaialdian zehar, BAIko ikasleek aukera polita dute Europako joera gazteen berri izateko, eta seguruenik aberasgarriak dira bertokoen eta kanpokoen artean sortzen diren harremanak, batez ere gauero antolatzen dituztelako ekitaldien osteko jaiak, nahiz eta biharamunak eragin negatiboa izaten duen hurrengo eguneko jardueretan.

      Ikusten denez, jaialdia handituz joan da, itxuraz behintzat, zeren eta, BAI bera kenduta, aurten hiru antzerki ikastegi baino ez dira etorri -Galiziako ESAD eta Herbeheretako ST&M eta Errege-kontserbatorioa-. Nik, ordea, bereziki estimatzen nuen Kataluniako Institut del Teatre eta Madrilgo RESADen presentzia, besteak beste. Izan ere, haien eta Europako beste ikastegi handien parte-hartzea ezinbesteko eredua zen bertoko ikasleentzat, zeren eta, gezurra badirudi ere, gure antzerki ikasleak ez baitira emanaldi profesionaletara ia inoiz joaten, eta lehen benetako antzezlan batzuk ikusteko aukera zuten, gutxienez.

      Gaur egun, ordea, “sortzaile berrien antzerkialdia” da ACT, haren antolatzaileen esanetan, eta horrek nahasmena ekarri du, alde batetik ikasle gazteek berdin txalotu baitituzte harribitxi eszenikoak eta zabor hutsa, eta bestetik, kanpoko kultur eragilerik egon ez delako geroko solasaldi informaletan. Izan ere, jaialdiak ikastegiaren urte bukaerako festa itxura hartu du gehienbat, eta epaimahaikideak, aretoetako arduradunak eta ni neu izan gara BAIkoak ez ginen ikusle ia bakarrak.

      Zorionez, epaimahaiak kalitatezko pieza bati eman dio Laburract saileko saria. Los jóvenes no saben lo que es llorar ni pasarse la vida corriendo du izena eta Bilboko David Quincoces eta Elena La Dolorosak sortu dute, istorio hunkigarri bat esaldi estereotipatu baten errepikapenarekin eta footing praktikarekin eraikiz. Izenburua gaztelaniaz dator, gaztelania eta ingelesa izan direlako emanaldi guztietako hizkuntza bakarrak. Kontsolamendu moduan, pieza mutu baten izenburua euskara hutsean zetorren eta euskarak leku berdinkidea eduki du emanaldien aurkezpenetan eta sariak emateko ekitaldian. Oso leku eskasa, eta are gutxiago kontuan izanda Euskal Herriko bederatzi lan ikusi ditugula.