Dena ikus dadila
Agus Perez
Berria, 2008-11-02
“Ilunpetan”

      Egilea: Peter Shaffer. Konpainia: Kanpingags. Zuzendaritza: Lander Iglesias. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Urriak 31./p>

      Argi gutxirekin hasten da Ilunpetan izeneko antzezlana. Eta argia joaten denean, erabat argiztatuta geratzen da eszenatokia, horrelakoa delako Kanpingags konpainiak estreinatu berri duen obraren planteamendua. Izan ere, argi etenaldi luzea da lan honetako elementu nagusia, eta iluntasun argiztatu horretan garatzen dira endredoko hiru hari nagusiak: lagun baten altzari garestien lapurreta, protagonistaren amodio korapilatsuak eta artista ospetsua izatearen nahia.

      Ikusten denez, Peter Shaffer dramaturgoaren komediak osagai onak ditu antzokian primeran pasatzeko, eta gainera jakin beharra dago britainiar antzerkigileak Equus eta Amadeus bezalako antzezlan mitikoen egilea dela besteak beste. Kasu honetan, jakina, askoz apalagoa da jatorrizko testuaren maila, eta are apalagoa kontuan hartzen badugu taula gainean dagoena gaztelaniazko bertsioaren egokitzapena dela. Lander Iglesias izan da moldaketa horren arduraduna, eta haren esku ere egon dira eszenografia eta zuzendaritza bera.

      Askotan esan dugun moduan, ardura pilaketak beti dira arriskutsuak, eta are gehiago zuzendariak zorroztasun gutxirekin jokatuz gero. Horrela izanik, antzezle guztien zeregina testua eta harekin batera datozen keinuak ikastera mugatu da, telebistako mailarik eskasenetik irten gabe, telesail errazek arrakasta dutelako eta, antza denez, horrela lortuko dugulako antzokietara hurbiltzen direnak gogobetetzea. Eszenografia ere, horren araberakoa izan da, den-dena begi-bistakoa izan dadin eta ikuslerik apalenek ere den-dena harrapatu dezaten inolako ahaleginik egin gabe.

      Euskararen tratamenduari begira, eskertzekoa da konpainiak mendebaldeko euskalkiari emandako garrantzia -protagonistaren neskalagun biak bizkaieraz egiten dute- eta oso dibertigarria da argiketariaren doinu argentinarra. Osterantzean, beste batzuen kasuan sufritzeko modukoa izan da ahoskera, eta hori ezin zaie beraiei leporatu, gure antzezleen trebakuntza partzialaren ondorioa delako.