Egilea eta zuzendaria: Aristides Vargas. Zuzendariordea: Charo Frances. Euskaratzea: Uxue Alberdi. Musika: Fran Lasuen. Eszenografia: Javier Obregon. Argiztapena: Javi Ulla. Aktoreak: Marifeli Etxeandia, Iurgi Etxebarria, Aitor Ormaetxea, Josu Camara, Aiora Sedano, Koko Mujika. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: Otsailak 29
Zornotza aretoa leporaino beteta zegoela eta bisurteko egun berezian eman du Kukubiltxo taldeak bere izaeraren berri zehatza, beren burua Aristides Vargasen gidaritzapean jarriz norabide berri baten bila joateko. Bide zaila izan da, dudarik gabe, eta garbi dago estreinaldi hau prestatzeko lan itzela utzi dutela atzean haiek guztiek arlo pertsonal eta profesionalean, baina egindako ahaleginak merezi izan du azkenean eta beldurrik gabe esan daiteke Haritzaren azalera zehatza-rekin airea bezain beharrezkoa zen esparru bat zabaldu dela gure antzerkiaren panoraman.
Hasteko eta behin, interesgarria da Vargas egile eta zuzendaritzat aukeratu izana, gurean -eta bereziki Zornotza aretoan- behin baino gehiagotan izan dugulako haren sorkuntzak ikusteko parada. Argentinarra izanik, Ekuadorren finkatu zuen bere ibilbidea militarren kolpearen ondorioz. Bere unibertsoa, beraz, latinoamerikarra da, baina bere sustraietatik gizaki orori hitz egiten dio, gogoeta egin dezagun oroimen kolektiboaren garrantziaz, gizakien nortasunaz eta norberaren jatorriaz.
Aristidesen betiko estiloari jarraiki, hitzen esangura poetikoan eta aktoreen sendotasunean oinarritu da oraingo Kukubiltxo bere lana sortzeko. Hasiera batean agertokia hutsik dagoen arren, zuri koloreko sei panel kurbatu izango dira alde estetikoaren elementu nagusiak, haiekin sortzen direlako dramaturgiak eskatutako eremuak, baina hala ere, argiztapenak eta musikak garrantzi handia dute ikusleek sortu beharreko barne paisaien eraketan. Bestetik, aipatzekoa da elementu guztien erabilera sinbolikoa, batez ere kontuan izanda lurra, zapatak eta makilak gauza apal-apalak direla eta apaltasun horretatik abiatuta oso helburu altuak lortzen dituztela, barne energiari eta keinu zehaztasunari esker.
Testuaren sakontasun poetikoa ikusita, erronka handikoa zen euskaratze lana, eta alde horretatik argi esan behar dugu Uxue Alberdik bete-betean asmatu duela esaldien erritmo atseginean eta jatorrizko maila literario altua dotorezia handiz itzultzean. Antzezleek ere beren prestakuntza guztia erakutsi dute bai ahoskeran bai ahotsaren tonu eta proiekzioan. Gainera, organismo kolektibo baten moduan ibili dira haiek guztiak denbora osoan, Aiora Sedanori protagonismoa egokitu zaion arren. Bide batez esanda, bikaina, akatsik gabea eta aberasgarria izan da Sedanoren pertsonaia, eta Josu Camara taldearen gidari historikoak ere une berezi pare bat izan ditu, jakituriaren jabe eta abadearen rol gozagarrietan.