Egilea: Marilia Samper. Zuzendaritza: Paco Montes. Eszenografia: Gonzalo Lopez Narbona. Aktoreak: Ane Gabarain eta Lierni Fresnedo. Lekua : Basauriko Social antzokia. Eguna : Otsailak 22.
Eltze artean dabiltza Pepi eta Txelo egun osoan, eta lanetik irtendakoan ez dute etxean giro gozoagorik aurkitzen. Haietariko batek bere senarraren zakarkeriak jasan behar ditu eta besteak ama zaharra dauka bere ardurapean. Eta hala ere, bizipozari eusten diote, elkarri eskaintzen dioten laguntasunari esker.
Marilia Samperrek idatzitako antzezlanak bi emakume langileren kasuak aurkezten dizkigu eta, bide batez, parada ematen digu beren egoera sozialetik harago joateko, bakoitzaren barne sentimenduen atea zabalduz eta bien amets nagusia geurea balitz bezala aurkeztuz. Horraino orbanik gabea da testua, eta dudarik gabe, ederto baliatzen ditu pertsonaia bien arteko hizketaldiak eta haien bizitza arrunteko gertaera txikiak ekintza dramatikoa aurrera eramateko eta ikusleen arreta bereganatzeko. Argumentuaren gertaera nagusiari ere etekin handia ateratzen zaio kontakizunaren garapenean eta eremu eszenikoan, baina hortik aurrera nabaria da egileak ez dakiela zer egin berak sortutako egoerarekin eta ez dituela behar den beste aprobetxatu esku artean izandako aukerak.
Gauzak horrela, ni neu erraz identifikatu naiz bi emakume protagonistekin hasieran, baina arraro samarra iruditu zait biek gero hartutako jarrera, batez ere kontuan izanda ez dugula haien gaineko arduraduna inoiz ezagutu eta ez dugula emanaldian zehar hari buruzko komentario txarrik entzun. Labur esanda, giroa ez da behar den beste berotu geroko gertaera eszenikoak justifikatzeko, eta argumentuaren gabezia horren ondorioz aktore biek, denak emanda ere, ezin dituzte ikusleak benetako klimaxera eraman.
Dena dela, arestian esan bezala, denak emanda dabiltza antzezle biak eta gozamen hutsa da bien artean sortzen duten bikote gizatiarra ikustea, nahiz eta Ane Gabarainen ahoskera landugabeak zertxobait moteltzen duen testuaren indarra. Keinu, jarrera eta adierazkortasun aldetik, ordea, bikainak dira biak ala biak eta beren presentzia eszenikoarekin erraz betetzen dute berez eltze eta lapikoz beteta dagoen agertokia. Izan ere, batzutan badirudi eremu eszenikoak hirugarren pertsonaia baten rola jokatzen duela bere itxura erdi naturalista erdi eskematikoarekin, baina alde horretatik ere nik ikusgarritasun gehiago eskatuko nioke, benetako sukalde bati dagozkien su, ke, kolore eta usain goxoen aldetik.