Egilea: Xabier Lete. Zuzendaritza: Miren Gojenola, Mikel Laskurain. Musika-zuzendaritza: Joxan Goikoetxea. Argien diseinua: Carlos Solano. Eszenografia: Peio Villalba, Josean Perez. Jantziak: Enkarni Cuesta. Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Irailak 10.
Donostia 2016ren ekimenez eta Urnietako herritar askoren ezinbesteko kolaborazioarekin igo da oholtzara berriz ere Gabon, Txirrita antzezlana, herri-bertsolariaren heriotzatik 80 urte bete direla eta Donostiako Euskal Jaiekin bat eginda.
Antzezlana berriz ere igo da oholtzara, 1982an Urnietako Buruntza taldeak Xabier Leteren obra hau antzeztu zuelako beraren zuzendaritzapean, orduko hartan garai haietako baldintzetan baina hiru emanaldirekin. Oraingo hau, ordea, emanaldi bakarrekoa izan da Donostian eta beste bat emango da Urnietan, sarrera guztiak aspaldian saldu ziren arren: Kulturaren Europar Hiriburua izatearen misterioak.
Emanaldian bertan erosi dugun liburuxkari kasu eginez gero, ordena desberdinean etorri dira obrako eszenak, seguru asko Letek proposatutako eskema ulergarriagoa egin nahian, baina jatorriko testutik beste ezer aldatu gabe. Eta, beharbada, aldaketak testuan bertan egin behar ziratekeen, Lete poeta sublimeari diogun miresmena gorabehera. Izan ere, bere testua Txirritaren garaiko Toribio Altzagaren antzerki kostunbristaren zordun zuzentzat jo daiteke, Leteren kutsu ideologiko aurrerakoiak aztarna ugariak utzi zituen arren bai pertsonaia atzerakoien parodian —On Tiburtzio apaiza buru— bai Txirritaren aldeko testigantzetan, haren kasua langileen egoeraren deskribapenean txertatzen duelako.
Beste gauza askotan, ordea, sitsek janda agertzen zaigu testua, adibidez Espainiako etorkinen gaiaren tratamenduan eta emakumeenganako komentario lizun eta baimendu gabeko zirrien kontuan. Auzi mingarriak gero, kontrasterik gabe emateko eta duela mende bateko bertsolari baten figura erreskatatzearen aitzakian!
Baina Leteren lanak baditu bere bertuteak, eta haien artean nabarmenduko nuke Iparraldeko antzerki-tradizioari ere jarraitu izana, protagonista polemikoaren figura balizko auzitegi baten esku jarri baitzuen, haren aldekoak zein kontrakoak ate desberdinetatik agerrarazita, turkoen eta giristinoen erara, eta Juezaren pertsonaia errejent baten lekuan jarriz.
Taularatzeari erreparatuz gero, argi dago kemen handiko lana egin dutela zuzendariek, herriko antzezleak profesional mailara igoaraziz, presentzia eszenikoan eta deklamazio arloetan batez ere, eta erritmo sostengatua lortu dutela eszenen segidan eta eszena bakoitzaren garapenean. Era berean, aipatzekoak dira alboko orkestra txikiaren lana eta eszenografia aldakorra zein jantzien diseinua, naturalismo betekoak izan arren, hau da, inolako berrikuntza estetikorik egin ez duten arren.
Soinuarekin izandako arazo teknikoak, ordea, eskandaluzkoak izan dira. ABS izeneko zer batek hartu du horren ardura —ondo gogoratu izen hori—, eta emanaldia bertan behera uzteko modukoak izan dira lehen eszenetako soinu zatarrak, mikrofonoen konexio txarren ondorioz. Puzkerraldi elektronikoek behin baino gehiagotan zapuztu dute solasaldien mamia, eta gainera, dekoratuaren atzeko solasaldi pribatuak askotan nahastu dira taula gaineko dialogoekin, eta soinuaren bolumenak olinpiar marka guztiak hautsi ditu, ikusleen tinpanoak eta inguruko etxeetako kristalak arriskuan jarri arte. Azken finean, zertarako behar genituen mikrofonoak? Diruarekin zer egin ez genekielako? Behar ote zituen Txirritak bere garaian jendetza handien aurrean bertsotan aritzeko?