Izurrite beltzetik ihesi
Agus Perez
Berria, 2005-01-09
“Decameronea”

Egilea: Bocaccio. Moldaketa: Jose Antonio Vitoria, Garbi Losada. Euskarazko bertsioa: Bego Losada. Konpainia: Ados. Zuzendaria: Garbi Losada. Lekua: Zumarragako Zelai Arizti antzokia. Eguna: Urtarrilak 7.

      Donostiako azken Antzerki Feria bertan behera geratu ostean, Zumarragan izan dugu Bocaccioren Decameronea ikusteko aukera. Ados konpainiak ausart jokatu du XIV. mendeko testua plazaratzerakoan, eta hainbat asmatze izan ditu lan honekin, nahiz eta haien artean makaltasun batzuk ere tartekatu diren.

      Lehen tantoa obraren aukeraketa bera izan da, dudarik gabe, eta harekin batera datoz Bocaccioren ehun eleberrien arteko hautapena eta egokitzapena. Zeren eta egia da Toscanako egilearen ipuin jostagarriek ez dutela galdu batere interesik bai giza ikuspegitik bai garai hartako gizartearen deskripzioarengatik, baina, aldi berean, ezinbestekoa zen esaldien eta paragrafoen zama arintzea argitasunaren eta erritmoaren izenean.Alde horretatik, eredugarria da antzerkirako sortu duten moldaketa librea, euskarazko bertsioan ere guztiz fresko eta osasuntsu mantentzen dena, ikusle euskaldunek oztoporik gabe goza dezaten testuaren eta emanaldiaren kalitateaz. Baina moldaketaren egokitasun hori dramaturgia irudimentsuan datza hein handi batean. Izan ere, aktoreen mugimendu ia koreografikoekin, arropa aldaketa azkarrekin, argiekin eta eszenografia mugikorrarekin ordezkatzen dira testu pasarte mardulak, eta dramaturgia horren baitan kokatu behar ditugu ikusleei zuzendutako keinu edota txantxa arinak, ipuinen arteko beldur-uneak eta aldi berean gertatzen den bi ipuinen antzezpen dibertigarria. Dena den, ene uste apalean, badago funtsezko akats bat eszenaratzearen planteamenduan, eta zera da: gizonak bakarrik antzezle aritzea, jatorrizko kontakizunean zazpi dama eta hiru gizon gazte elkartzen direlarik Florentzia inguruko etxalde batean, izurrite beltzetik ihesi. Era berean, alde makalen artean jarri behar ditugu Jose Ibarrolak diseinatu dituen aluminiozko lauki ortopedikoak, itsusi baino itsusiagoak izateaz gain ez dutelako inolako ekarpenik egiten girotze-lanean.Dramaturgia arloan, ordea, lagungarriak dira ditxosozko egitura metalikoak, haietatik eskegitzen baitira Olga Regok sortutako jantzi interesgarriak, une batetik bestera pertsonaiak agertzea eta desagertzea permitituz. Kontakizunetako pertsonaiarik gorpuzten ez duten bitartean zeharo biluzik dabiltza aktoreak eta horrek erronka serioa planteatzen die, maila bikainari eutsi ezean guztiz barregarri geratuko liratekeelako. Hortaz, fin-fin ibili dira bostak, talde-koordinazio bikaina erakutsiz eta eurenak eta bost eginez pertsonaiei eta emankizun berezi honi bizia emateko.