Menpekotasunak
Agus Perez
Berria, 2004-11-07
“Zapaldu marra”

Taldea: Pikor. Zuzendaria: Miguel Olmeda. Testuak: Peru C. Saban. Mugimendua: Eguzki Zubia. Aktoreak: Esti Villa, Iņaki Rikarte, Iraitz Lizarraga, Jon Elola. Lekua: Zornotza Aretoa. Eguna: azaroaren 4a.

      Aspaldidanik dabil euskal eszenatokietatik Zapaldu marra delako antzezlana eta, azkenik, Zornotza aretoan izan dut ikusteko parada.

      Nik nolabaiteko jakingura eta, zergatik ez, beldur apur bat ere banuen obra honen aurrean, alde batetik ez delako erraza gazteei begira sortutako muntaia bat erakargarria izatea adinez gazteak ez garenontzat eta, bestetik, ia ezinezkoa delako drogei buruz hitz egitea naturaltasunez, erabateko zintzotasunez eta diskurtso moral hipokritetan jausi barik, nahiz eta moralismoa umorean, gazte itxuran eta jatortasunean bilduta etorri. Baina Pikor teatroaren inguruan Euskal Herriko eszena gazteko izen interesgarri batzuk elkartu dira eta posible egin dute orain arte ezinezkoa zirudiena. Orain arte esandakoagatik erraz ondorioztatuko dugunez, testua da lan honetako giltzarria, eta Peru C. Sabanek bikain jokatu ditu esku artean zituen kartak, zenbait elkarrizketa labur baina intentsitate handikoak elkartuz, jende gaztearen nahiak, ezkutuko beldurrak, ilusioak eta jakingura aseezina lau antzezle gazteren ahotan jartzeko. Sabanek, gainera, gauza funtsezkoago bat lortu du: gazteek erabiltzen eta onartzen duten euskara fresko eta naturala erabiltzea, zuzentasunari zor zaion errespetua ia denbora guztian mantenduz. Ez da gero marka erraza!

      Eta testuarekin batera mugimendua dator. Mugimendu barik ezelango gaztek ez zuelako jasango berbaldi zaparradarik laburrena ere. Alde horretatik ezinbestekoa izan da Eguzki Zubiaren eginkizuna, taula gaineko bi neska eta bi mutilen lanari bizitasuna eta, batez ere, grazia emateko, gorputz gazteen posibilitateetatik txinpartak atera eta hitzen esangura sentsazioen eremura aldarazteko. Azken finean adin horretan sentsazioen eremuan bizi garelako gehienbat, ez hitzenean.

      Eszenatokiari dagokionez, soiltasuna da nagusi, taula gainean mahai metaliko bat, jesarleku batzuk eta burdinazko lau panel haietariko bi atedunak besterik ez dagoelako. Panel atedunak, baina, desplazatu daitezke agertokian zehar eta zubi-lan sinboliko interesgarria betetzen dute mugimenduaren eta interpretazioaren artean. Alde horretatik, gainera, txalotzekoa da Miguel Olmedaren zuzendaritza zorrotza, istorioetako pertsonaien maila bikaintasunera igoarazteko.