Lekuak: Donostiako Gros auzoa eta Arteleku Eguna: Ekainak 26.
Berriz ere daukagu esku artean Mugatxoan izeneko proiektua. Donostiako Artelekuk eta Portoko (Portugal) Serralves Fundazioak babestuta, artista gazte batzuek parte hartzen dute mintegietan eta euren gogoeten emaitzak ikusgai izango dira egunotan Donostian eta Porton.
Larunbatean hitzordua genuen Donostiako Gros auzoa beste begirada batekin ikusteko. Andre Guedes portugaldar arkitekto eta artistak gidatu duen mintegiko partaideek bost egunez aztertu dituzte auzoko zenbait txoko esanguratsu, eta ekintzaren unean auzotik sakabanatuta zeuden, guk deskubritzeko beren presentzia eta balizko elkarreragina hango kale, plaza eta txokoetako errealitatearekin. Ikusten denez, jarduerak gutxienekoa du ikuskizunetik, gehienbat kide bakoitzaren barne gogoetara bideratua zelako, batez ere kontuan izanda ikusgarritasun gutxieneko ekintzak zirela. Nik, dena den, faltan bota nuen jardueraren ostean topaketa txiki bat antolatu ez izana, ikusleok eta jarduleek elkarri komentatzeko bizi izandako esperientziaren emaitzak.Artelekun gauean eman zuten Ion Munduateren Astra Tour pieza instalazio eta performance-aren arteko eremuan koka daiteke. Irungo artista Iberiar penintsulatik egindako bidaia batean oinarritu da, eta portugesez nahiz gaztelaniazko zenbait toki izen hartu ditu bere proposamena egituratzeko. Lan mota hauetan ohikoa denez, soiltasuna da nagusi eszena gainean, erabiltzen diren elementu guztiak gogoeta trinko baten fruitu direlako eta haietariko bakoitzak zeregin artistiko zehatza daukalako. Izan ere, Munduatek fluoreszente zuri eta gorri batzuk, hormigoizko adreilu handi bat, ohol luze bat eta diapositibak proiektatzeko pantaila bat besterik ez du erabiltzen bizitzako esperientzia politenetariko bat azaltzeko, eta hori bakarrik gerta daiteke bere jakiturian eta estilo guztiz landuan oinarrituta.
Astra Tour honetan, berrikuntza batzuk aurkitu daitezke artistaren aurreko lanekin konparatuz gero. Alde batetik, umorea dugu, ironia: herri izenak (Espera, Luz, Ser, Adiós...) eta artistaren barne jarrera konparatzetik sortzen zen ironia etengabea, batez ere Izana eta Ez izana irudikatzerakoan. Bestetik, proposamenak antzerki-kutsu nabarmena dauka, nahiz eta antzerki formaletik guztiz urrun dagoen oraindik ere, azken finean esploratzen ari garen eremu berri batean gaudelako.Amaitzeko, Amaia Urraren presentzia aipatu behar dugu. Batzuek gogoratuko dutenez, orain dela bi urteko Mugatxoan-en Eklipse izeneko lan harrigarria aurkeztu zuen, eta guztiz pozgarria izan da Munduaterekin elkarlanean eta haren lana aberasten ikusi izana.