Egilea: Antton Luku. Konpainia: Hiru Punttu. Hurren emankizunak: Ekainaren 7an, Uztaritzeko Bilgune aretoan (21:00) eta ekainaren 9an Azkaineko kiroldegian (16=30).
Lurra antzerkia mugarri diren antzerki horietarik da. Azkeneko pentsamendu sasi filosofiko politikoetan, Ama-lurra lauhazka dator, bere “segida” eta “zaindu” bizkar gainean daramazkiela kuma zutikara. Amalurra arren buztan altxagarri, emeen abnegazio eredu, atzoko eskuin muturren ohantze. Gudua, lana da... feminismoa, eme izanaren zigorraren mendeku bezala lantzen dutenen feminismoa bezalakoa...
Lurraren determinismo dosi alimalea daramagu gurekin, gure ustezko pentsamendu “askea”, azkar baldintzatzen diguna. “Ez didazula erran nora zoazen, nondik heldu zirenetik baitakiket (n)aski!”.
Luku bonbaren gisa alde guzietara zapartarazten du gaia Anttonek, pentsatuko ez genuen gunetik heltzen zaiola: Baiona eskuin aldeko ostatu bat, fosfato lantegiko bost langile-adiskideen arteko solasak. Urrun baserritar kutsuko sinominoak. Gainera badira solasak in, jokoan, eta solasak out, jokoz kanpo. Non ez dakigun zein zaigun mintzo: pertsonaia ala jokalaria. Jokalarien eremua arku erdian emana da, zeinaren inguruan publikoa jarria baita, bata bestearen eremuan sartua, jokoak indar handia hartzen duelarik horrela.
Baina indarra, Hiru Punttuko jokalariei zor diegu ere, sendi baita barne bizi bat, gar bat emaitza totalaren bidean.
Pertsonaia maitagarriak
Pertsonaiak denak zein maitagarriagoak, humanoak dira, hainbestetan gurutzatuak, hainbeste gu, ororen buru. Bakoitzak bere tendance izaeraren definizioa salatzen digu pirtta-pirtta. “Aske” edo “askatu” bezala ulert daiteke, “gibelatu” edo “tinki” izanaren kontrarioa. Hemen sortu Bernadettentzat, ezker abertzaleko agertzea izanen da arrangura. Brunorentzat sekulako overbook- atua eta etxe berria egina izatean da. Marie aldiz, frantses normala izanki jatorriz, ez du bere burua justifikatzerik puntu honetan, askatua da berez. Sylvette edo Etiennek, beste problemarik badute... Baina, biziki ongi agertzen da, askatua izatea, adibidez, sexu kontuetan hala izatearekin parekatzen dela; eta hobeki errateko, besteak hala ez direla suposatu izanetik, norbera hala izatetik baino.
Hastapenean gertatzen den protagonisten arteko clasha dela medio, pertsonaien barnekoak jalgitzen dira, biziari buruz kolektiboki partekatzen ditugun topikoak inarrosiz. Adibideak anitz zitezken, baina “Euskal Herria presondegi bat da” atera zuteneko memento hura, ez dut ahanztekoa. Norbere beldurren berri, jelosgo, zurrumurru, ez-ulertze, ... zure bizian bezala. Anttonen idazlanaren heldutasuna hor da, hain gauza konplexua, egunerokoa eta tratatu gabea, hain xinple eta naturalki ekarri izana gure altzoetara.
Bai funtsean, berdin moldean, nehork ez du ez-ulertuarena egiteko paradarik izan oraingoan; onartu behar gaiarekilako norberaren harremana dela antzerki ondoko kezka, pertsonaiak eta beren korapiloa zaizkizula golkoan gelditzen.
Bukaerako giltzen arabera, lurraren botere tektonikotik aske, nehor guti gelditzen da. Hiru emazteek lerroan kokoriko lurraren gainera pixa egiten dutenean bezala, gure ama-amatxien postura milenarioa berretsiz, guk ere haiekin lerrokatzeko genuen emeia ezin kasatuz genbiltzala. Eta hautuen egitea ez omen da deus, bizia gero delakoz hasten, ondotikheldu den egoeraren asumitzeko emanen den denbora guzian, lurrak iraultzen gaituela guk bera eginen ahal dugun baino gehiago...
Ageri denez, zerbait errateko izanen deno, antzerki onak(ere) ikusteko parada izanen dugu...