Erreserbatik atera nahian
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-15
“Mohikano antzerkia”

Egilea: F. Loza. Konpainia: Txamuskina. Zuzendaritza: R. Barea. Eszenografia: C. Barea. Jantziak: M. L. Diaz. Musika: L. Pereira. Argiztapena: I. Garcia. Antzezleak: K. Gago, N. Navarro, G. Ocina. Non: Bilboko La Fundicion aretoan. Noiz: Apirilak 9.

      Entziklopediak dioskun moduan, mohikano indioak New York aldean bizi ziren, harik eta beste tribu indio batzuek eta kolono zuriek hegoalderantz bota zituzten arte. Topo egite tamalgarri haren ondorioz galdu zen mohikanoen arrastoa, baina J.F. Cooperren nobela famatuak (Azken mohikanoa) betiko iraunarazi zuen beren izena geure oroimen kolektiboan.

      Antzeko egoera batean egon daiteke antzerkiaren artea batzuen ustez, eta iritzi hori ia denona zen orain dela hamar urte, Teatro mohicano lanaren lehen bertsioa estreinatu zenean. Antzerkia maldan behera omen zebilen, 2.500 urtez berea zen esparrutik kanporatua izan ostean, zinea, bideoa eta telebista bezalako tribu indartsuen eraginez.

      Hamar urte beranduago, ordea, badirudi nahiko kementsu dagoela gure agureak eta horren adibide dugu hortik handik sortzen diren antzerki talde gazteak. Haietariko batek, hain zuzen ere Txamuskina izenekoak, duela gutxi hartu du erreleboa eta aspaldiko Mohikano antzerkia berreskuratu du, antzerkiaren xarmak eta gogoak bizirik darraiela aldarrikatzeko.

 

      Ikusleenganako hurbiltasuna

      Ahaztu baino lehen, esan beharra dago antzezlana ikusle gazte-gazteentzat pentsatua dagoela, eta ni erabat ados nago apustu ausart horrekin, behar-beharrezkotzat jotzen dudalako dagoeneko ume ez diren baina hogei urte ere ez dituztenen zaletasuna lantzea.

      Izan ere, maiz ikusten dira ikasle taldeak antzokietan, eta askotan nabaria da guztiz galduta dabiltzala taula gainean gertatzen ari denaren aurrean, beren pentsamoldeetatik arrotz ikusten dutela antzezlan eder hura, dituzten bizipenetatik urrunegi dagoela. Horrexegatik, funtsezkoa eta balio handikoa da Mohikano antzerkia-k ikusleenganako gorde duen hurbiltasuna.

      Hasteko eta behin, gazteak dira antzezleak eta hori balio erantsia da institutuko ikusleez ari bagara. Bestetik, oso eszenografia eta karakterizazio sinpleak erabiltzen dituzte, ikusleen irudimena ahalik eta gehien piztearren. Eta, azkenik, nahasketa-mahaia agerian dago, taula gainean, eta denon aurrean egiten dira soinu eta argi aldaketak ikusleen gozamenerako.

      Argumentuak antzerkiaren historiaren gainbegiratze arina egiten du, pertsonaien arteko laguntasuna eta ika-mikak azaleratuz. Planteamendu horrek dinamismoa eta gaitasun aktorala eskatzen ditu antzezleengandik eta horrela gertatzen da hirurekin, Gabriel Ocina hiruren artean nabarmentzen den arren. Amaitzeko, nik uste dut garrantzi handikoa izan dela Txamuskinak obra hau eta Ramon Barearen zuzendaritza hartu izana, sendotasuneranzko jauzia izan daitekeelako konpainiaren ibilbidean.