Ion Tichy
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1999-02-25
“Izarretako bitakora”

Testuak: Stanislaw Lem. Antzerkirako egokitzapena: C. Panera. M. Martinez. Euskarazko bertsioa: J.R. Utrex. Taldea: Maskarada. Zuzendaritza: C. Panera. Eszenografia eta jantzia: J. Ibarrola, C, Panera. Argiztaketa: J. Ulla. Antzezlea: M. Martinez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailaren 23a, 24a eta 25a.

      Tita Merelo deitu zen aurreko eguneko kritika, horrelaxe deitzen zen-eta pertsonaia nagusiaren ametsetako idoloa, eta Ion Tichy deitzen da gaurkoa, izen bereko pertsonaia delako Izarretako bitakorako protagonista. Itxura denez, izen propioak izenburutzat hartzeko joera daukat bolada honetan, ez dakit zergatik. Beharbada zurrunbilo grabitazional batetik ari naiz igarotzen neu ere, Ion Tichyren bidaia espazialetariko batean banengo bezala. Batek daki.

      Maskarada taldeak Stanislaw Lem-ek idatzitako zerbait taularatuko zuela jakin nuenean harrituta geratu nintzen, erronka horren zailtasunak zein alde onak aldi berean ikusten nituelako. Alde onen artean gaia eta egilearen hautaketa zeuden, eta zailtasunen artean bada... ostera ere egilearen hautaketa eta gaia kokatzen ziren, oso erakargarria delako poloniar idazlea , batez ere zientzia-fikzioa jorratzeko duen estilo eroagatik. “Oso erakargarria, dibertigarria, eroa, baina oso zaila ere antzerkira eramaten, edo agian eramanezina eta guzti” pentsatzen nuen nik nire baitan.

 

      Antzezlea gure artean dago

      Bakarrizketa era aukeratu dute Maskaradakoek Ion Tichyren abenturak irudikatzeko eta Mikel Martinez taldeko kide historikoak gorpuzten du pilotu espazialaren pertsonaia, ederki gorpuztu ere, Tichy bezain trebea baita irudimenaren bide labankorretatik nabigatzen eta hark bezainbeste eskarmentua duelako bakarlari gisa. Gogoratu adibidez Bilboko aktoreak bildutako esperientzia Kontrabaxua bakarrizketaren ibilbide luzean eta, bestetik, Stanislaw Lemen pertsonaiak erabateko bakardadean bidaiatzen duela espazioan zehar zibilizazio batetik bestera etengabe.

      Antzezle bakarra dago gure aurrean, edo gure artean hobeto esanda, baina ikusleok ere parte aktiboa hartzen dugu ikuskizunean gure aulkitik mugitu gabe eta ezer ere esan barik, dramaturgia interesgarri eta sormentsu bati esker. Eta dramaturgiaz ari garela, funtsezkoa da antzezlanaren giroan Jose Ibarrolak diseinatutako eszenografia sinplea baina eraginkorra.

      Oso baliogarria da, era berean, testuen hautaketa eta antzerkirako birmoldaketa. Izan ere, idazle irregularra da Lem, eta behin baino gehiagotan agertzen dira bere liburuetan pasarte nahasiak eta ideia errepikatuak, baina beraien artean harribitxiak ere aurkitzen dira eta haietariko batzuk erabili dituzte Maskaradakoek obra honetarako. Ez galdu, beraz, euskara goxoan egindako lan honetaz gozatzeko aukera. Ez zarete damutuko eta. Ion Tichyk esana.