Taldea: Donibane Garaziko Lizeoko Antzerki Taldea. Lekua: Donibane Garaziko Harresiak. Eguna: Otsailaren 14a, larunbata. Ordua: 16:00.
Atsegin haundirekin joan gira berriz ere Gehaxia eta biak. Garaziko antzerki taldearen aurtengo ikusgarriaren gozatzerat.
Orai artinoko hiru kreazionekin, jadanik Antton Lukuren ikasleek eman obrek, konformismo edo errexkeriazko bideetarik kanpo karrakatu gintuzten. Aurtengoak berdin.
Aurtengoa desberdin zen halere. Kanpoan baitzen. (Gelan eman emanaldirateko ez gira libratu ahal izan, eta errana zuten ere kanpoko egina zela funtsean). Ihauterietako karrika ibilaldiko estazionetarik bat ginuen beraz Donibane Garaziren xarma arkitekturistikoa egiten duten harresien zolan.
Ez dira maskatu guziak hor gelditu, eta ez ziren ere gelditu guziak maskatuak. Untsa zen hola! Bakotxak bere lehentasunak zaintzen ditu alegiazko interesik eskarniatu gabe.
Zer erran obraz?
Ba... Gehaxiak gibeleratekoan, oraino ateraldi famos batzuen gozoa xurgatzen ari nintzela, halako kexu aire batekin: —Indezentea da! —laxatu daut. Badakizue Gehaxia ene laguna da, bainan batzutan droleki erreakzionatzen du. —Hoin gazterik hola tar tar tar euskaraz... jende haundiek ere gure konplexen gatik aipatzerat ausartzen ez giren gauzetaz tar tar tar euskaraz... ahotik ura dariola!...
Zerbait ez zitzakon gustatu beraz, eta pentsu nuen bezala, ez nuen luzaz igurikatzerik izan betiko leloa aho zilorat biltzeko: —Ez zirezte ohartzen jendek euskara ez dutela zuek bezain ongi menperatzen!
Okay, yabolt, ya esta, tira!
Ez da errex denena egitea. Gehaxia, —gaizoa, ene laguna da— ustez euskara menperatzen duten horietakoa da, badakizue, ez bizi guziko alorretan, bainan leku eta solas jakin batzuetan. Haurtzaro memoriako hizkuntza fosildua. Eta horrekin kitto da bere ustez euskararekin. Orduan usaiaz kanpoko gaiak, moldeak, erreferentziak, gazteak... euskaraz —ohiduraz frantsesez zaizkonak— ... sobera zaio! Zedarriak urrunago pusatzen dituzten horiek dute bizia konplikatzen badakizue.
—Alo Gehaxia! Bizia da holakoa! Euskaraz aipatzekotz bizia, molde hortan ere egiri ditake!
Bainan ez zaituztet gehiago nardatuko etxeratekoan ukan ditugun solasetaz. (Funtsean hor fini zen, gero bere pentsaketetan murgildu baitzen bera ere).
Bestela Bishop Klub galtzeko emanaldia izan da. Ihauterietako izpiritua bereganatua zuena. Kanpoan emaite horrek egia beste indar bat emaiten duela. Jendea xutik hurbil hurbila. Harreman sano bat sortzen da aski fite.
Emaileentzat ez da errex. Testoa behar dute ozen botatu. Hortan, gazteenek aski lan izan dute batzutan, eta hatsarrean neke izan da kontaktua sortzea. Bainan joan ahala, gauzak berotu dira. Espazioaren baliatzeak ere biziki laguntzen du. Zabalean ereman lasterka partida haiek, landareen gibeleko zanpaldia, eskeler igaite fin horiek, eta oroz gainetik harresi gain eta pearen arteko jokoak. Berehala beste dimentsione bat emaiten baitu distantzia horrek. Zenbat argazki ez ditut oraino buruan: Graxiren goxatzeak, Garazi izenaren sortzea, juje berdearen zibla, Balagerren agertzea, ustegabeko turistarena...
Maskek ere —sekula ez bainuen maskekilako antzerkirik ikusi— debrien efetua egiten dute. Dakizuen bezala, Antton Luku ez da egoiten testoarekin inguru minguru esplikatzen, orai hemen girela eta hori gertatuko dela. Fite behar da ulertu nun giren, zer ari giren, eta onartu ondoko punpian menturaz jadanik beste nunbaikirela.
Segur niz hori Gehaxiak ez duela soportatzen. Bere ustez biziki jakintsuna baita, eta ez baitiro soporta lojika batetarik kanpo dabilan zerbait (lojika bat dio berak bainan berea ez den pentsatzeko moldeaz ari da gero!) ez baitiro soporta bere lojikatik kanpo dabilan zerbait beraz. Bainan bego.
Erraiten nuen beraz ez girela beti aberttiak gertatuko denaz. Untsa da hola, ezen zendako joan gintaizke aintzinetik nola iraganen den dakigun zerbaiten ikusterat. Pastoralak badira hortako. Hemen bideo klipari hurbilago den zerbaitetan gira. Kontestu hortan, maskak izigarriko laguntza dira. Berehala identifikatzen dugu pertsonaia. Mintzoa eta sinoa maskak sortu kontestuan kokatzen da. Haatik jokolariarentzat exijentzia bat gehiago. Soaz du mintzatu behar. Gaizki bideratu soak joko guzia trahitzen ahal du.
Bishop Klub-en ixtorioaren arrapasa bat nahi lukete menturaz hemen batzuk. Ez du balio entseatzea. Entzun bezanbat ikusi eta senditu egiten baita. Bakarrik erran ditakena, egun guzitako gure tripako min andana bat pollikixko bota ditugula hor. Normal ihauteriz.
Bainan, etxeratekoan, Gehaxia oraino ixilik zegolarik, pentsaketa batzuk gogoa trebeskatu didate. Kanpoa, testo zuzena, maskak, saldoaren mugimendu hori, publiko hurbila xutik eta partaide... tobera on baten egiteko ingredienteak hor dira inpusulez! Bertsua ditake izaitekotz falta. Bertsuak, inprobisaketak, azkar lezoke oraino hitzaren askatze eta aurtikitze funtzio hori. Ihauteria sentsu betean.
Garaziko laboratorioan ideki bidetik zonbait urratsen emaiteak beste euskaradunik kilika lezakela? Euskal antzerki homologatuak errexkeriaren balusean doatzila, balitake hor biziak gaur egiten dauzkigun desafioeri buruz gure gisako mintzoaren sortzeko parada. Bixtan da, nekea, ez ulertua, polemikoa izanen dela... Bizia alo!
—Errealistak izan gaiten: ezin ukana eska dezagun (gure burueri)!