Gogor(r)apenak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-22
“Zu(t)gabe”

Taldea: Bederen 1. Zuzendaria: Aitzpea Goenaga. Aktoreak: Pilar Rodrigez, Felipe Barandiaran. Lekua: Eibarko jardunaldiak. Eguna: Martxoaren 10a.

      Ez dakit benetan gogorrak ala bigunak diren emakume honen gogorapenak, baina Zu(t)gabe ikusi nuenetik daramat bueltaka buruan horrelako hitz-jokoren bat asmatzeko gura. Eta zaila izan zait topatzea, ez pentsa, nahiz eta horrelako elkarketa traketsa sortu komentario honen izenbururako. Hala eta guztiz ere, ez dira zeharo atseginak Ixabel protagonistaren pentsamenduak: alargun geratu zen duela gutxi eta gaur etxea laga beharrean dago, laster behera botako ei dutelako; bikotea —Antton eta bera— urte luzez bizi izan den etxea, euren bizitzetako hainbat eta hainbat gauza ikusi zituen aterbea. Ixabeli etsipena baino ez zaio geratzen eta etxeko traste guztiak batzen dituen bitartean bizi izandako pasadizoak eta anekdotak etorriko zaizkio burura, une larriak eta barregarriak, oroitzapen samur eta tristeak, baita bizitzari aurre egiteko plan baikorrak ere.

      Hiru sorpresa izan ditut antzezlan xuabe eta sendo hau ikustean, eta atseginak izan dira hirurok oso. Hiru sorpresa, baina bi izen, lehena eta bigarrena Aitzpea Goenagaren eskutik etorri direlako, hirugarrena Pilar Rodriguez izanik, Ixabel rolean. Aitzpeak Donostia Hiria Literatur saria eskuratu zuen iaz obra honekin eta aipatzekoa da Bederen lek bigarrenez erabili duela bertako saridun testu bat, bere muntaia baten oinarri literario gisa. Oso ohitura txalogarria zinez, zeren horrela aukera ematen baitzaie lan sarituei plazara irteteko eta, bestetik, antzerkiak jarraitu ahal du betetzen bere jatorrizko helburua, hau da, gizakiaren problematika sakonaren isla izatea. Baina Bederen len eta Aitzpea Goenagaren arteko kolaborazioa apur bat haratago joan da, egilea bera izan baita taularatzearen zuzendaria. Eta hemen elkartzen dira bigarren eta hirugarren sorpresak (edota lehen eta bigarren izenak, ez zaitezte galdu, lagunok), nik behintzat ez baitakit bereizten non amaitzen den Goenagaren zeregina eta noraino heltzen den Pilar Rodriguezen inspirazioa aktore bezala, ez dago jakiterik, hain izan da probetxagarria bien arteko elkarlana. Jakin dezakeguna, ostera, zera da: Pilarrek bikain betetzen duela bere rola; protagonista ez dela fikziozko pertsonaia bat, hezur eta haragizko emakume bat baizik, emozioak dituena eta emozionatu, hunkitu egiten gaituena.

      Felipe Barandiarani tokatu zaio azkena izatea komentario honetan, baina nor edo nor izan behar zen eta, azken finean, hildako bat baino ez da — berak barka diezadala— eta, ondorioz, espero dut ez kexatzea. Dena dela, eta egoera ezeroso horretan egon arren, nahiko rol erabakigarria garatzen du Ixabelen burutazioetan eta bertan kokatzen dira ene ustez obraren orijinaltasuna eta sakontasuna, defuntuak daukan garrantzian bizirik dirauekiko hain zuzen ere.