Egilea: Markeliņe. Zuzendaritza: Markeliņe. Iņaki Egiluz eta Xabier Lenobales. Zuzendaritza Artistikoa: Jose Ibarrola. Koordinaketa: Joserra Martinez. Argi diseinua: Aitor Agorria eta Jon Kepa Moreno. Jantziak: Bego Rodrigez. Laguntza teknikoa: Paco Trujillo. Argazkiak: Pablo Garltaonaindla. Tokia: Zornotza Aretoan. Eguna: Urtarrilaren 11,12,13.
Ikuskizuna hasteko ordu erdi bat edo falta zela, sarrerak erosteko ilara espaloiko hainbat metrotatik luzatzen zen Zornotza Aretoaren takilatik. Argi zegoen irrikatan geundela guztiok Markeliņeren azkena ikustearren, Azpeitian estreinatu berria eta dagoeneko publikoak eta kritikak saritua. Sartzea lortu genuen azkenik, eta esku-programa hartzerakoan... Hura bai sorpresa! Paperezko foileto bat izan beharrean, kristalak garbitzeko baieta eder bat zen. Hori koloreko baieta tipikoa, baina antzezlanaren fitxa teknikoa inprimaturik zeramana. Karteleko eskobarekin ondo baino hobeto zetorren zinez, baita muntaiaren bi kale-garbitzaile protagonistekin ere.
Aretoko argiak amatatu bezain laster hasi zen magia. Markeliņeren magia, umore suabea, keinu garbia, poesia. Markeliņerekin bizitzaren gauzarik ikusienek beste itxura ezberdin bat hartzen dute. Hain polita da guztia...! Topera genbiltzan denok, umeek bezala barre egiten ala tristatzen berez helduei zuzendutako ikuskizun honekin. Une jakin batean papertxo eta hondakin andana jausten da goitik, leunkiro, astiro oso, eta aho zabalik geratzen gara denok zikinkeria zelan bajatzen den ikusiz. Gezurrezkoa dirudi!. Sastarrak baino ez dira! Baina horrelakoa da; hauxe dugu Markeliņeren gaitasun sinesgaitza: zaramarekin eta guzti poesia egitearena.
Konpainia zornotzarraren estiloa azaldu nahi badugu, samurtasuna nabarituko dugu aurrena, hala nola keinua ikertzeko garatu duten lan izugarria. Samurtasun hori umorea eta poesiaren laguna da beti euren ikuskizun guztietan, baina keinu mailan erakusten duten maisutasuna are nabariagoa da obra honetan argumentuaren konplexutasuna dela-eta, eduki dramatiko sendoa baitauka anekdota ugariez eta umorezko pasarte mamitsuez gainetik. Ildo beretik, aipatzekoa da Jose Ibarrolaren lan interesgarria, eremu eszeniko erabat hutsa sortu baitu soberan legokeen edozein gauza ezabatuz. Planteamendu onest honi esker bete-betean preziatzen da Markeliņeren lan baliotsua, eta benetako keinu-maisuak direla frogatzen digute ostera ere. Sinpletasun osoz gainera.