Taldea: Irubide Antzerki Tailerra. Testuaren egilea: Xabier Mendiguren. Aktoreak: Patricia Eneriz, Maite Martinez, Goizargi Marcilla, Maite Vidaurre, Eukene Garin eta Monica Prieto. Soinua: Monica Prieto. Argiztatzea: Eukene Garin. Koordinatzailea: Carlos Piņuela. Zuzendaritza: Tomas Astiz, Iņaki Otsoa. Tokia: Iruņeko Antzerki Eskola. Eguna: Maitzaren 8a.
Eskola mailako antzerki ekimen gutxi dugu gure artean, hau da Nafarroan eta euskaraz ezagutzen dugun bakanetakoa. Iruņean eta Iruņeko alabek euskaraz sortutako kultur adierazpena dugu oraingoa, ez da gutxi, eta hauxe izan zitekeen besterik gabe albistea emanaldia ikustera joateko parada izan ez bagenu, izan ere ikusitakoan beste baloreak etortzen zaizkigu burura eta lumara, eta ez txikiak.
Gazte talde baten opera prima-ren aurrean gaudela kontuan hartuta interpretazio lana da beharbada aipatu beharreko lehen gauza, Patricia Eneriz eta Maite Martinezek batez ere amona eta amaren paperetan, bikain burutzen dute bere lana, Patriciak obra osoan mantentzen du maila, Maitek berriz, alabaren paperean gauza bera lortzen du eta zenbait pasartetan momentu distirantak lortzen ditu zeintzuetan adierazpen ahalmena, mimo lana ia, ederki egiten duen. Algara antzu gehiegi amona eta ama-semeen arteko ahakar eta liskarretan zerbait ilun aipatzeagatik. Biek jasaten dute dramatizazioaren zama gehiena eszenatokitik atera gabe pasatzen baitute antzezlan osoa. Semearen papera ongi betetzen du Goizargik, bainan paperak berak baino posibilitate askoz ere urriagoak ditu mutua baita pertsonaia, eta honela izanik Harpo Marx ez bazara, zaila da papera brodatzea. Maider aitaren paperean ongi, nahiko mugatua bere itxuraldaketan, batez ere ahotsari dagokionean, gizonarena imitatzerakoan argitasun eta ulergarritasunaren kalte suertatzen baita.
Talde lana ona, laukoteak funtzionatzen du eta testuaren tentsioa mantentzen lortzen du errepresentazioak irauten duen oren osoan.
Mendigurenen testua aukeratu izana asmatze borobila izan da. Testu sinplea eta era berean sakona. Potereari buruzko hausnarketa, “Delicatessen” filmean edota W. Goldingen “Eulien Jauna” eleberrian aurkitu dezakegunaren ildotikoa: gizakiak, baita miseria gorritan ere elkar lana eta solidaritatea ezinbestekoa duenean, elkarren arteko botere borroketan murgiltzen da, jasan ezinezko biolentzia pasarteak sorraraziz, ama-alabaren arteko noizbaiteko xamurtasun momentuek hausten dute bakarrik bortxakeriazko lege hori, bizitzaren zikloa itxi eta berriro irekiz. Semearen mututasunak eta inkomunikazioak islatzen du ongi zabortegi bateko ziztrinei esker bizitzera behartua dagoen gizaki talde honen patua.
Bitarteko teknikoak duintasunez erabiltzen dira. Argiztapen joko bikainak eta musika ongi aukeratua eta antzezlanean zehar ederki kokatua. “2.001 Espazioaren Odisea” filmean gizakiaren kultura eta bortxakeriaren sorketaren unean erabiltzen den musika, antzezlanaren antzeko pasartean erabiltzea puntazo bat da benetan.
Aurkezleak duin, nahiz eta aurkezpen testua, sakon eta korapilatsua izanik zaila egiten den kabuz ulertzeko. Aurkezleen mugimenduen koreografia efektu politak lortzen ditu.
Talde gazte honen lehen plazaratzeak ongi baino hobeki gainditzen du maila. Ez dadila lehena eta bakarra izan opa dizuet.