Jolasean
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2021-11-05
“Harri orri ar”

 

      Arteak badu botere terapeutikoa, sendagarria. Barrua erretzen digun ezinegon bat eraldatu dezakegu antzerki testu edota konposizio musikal bihurtuz. Katartikoa izan daiteke pertsona multzo batentzat guztiak modu berezi batean ukitzen dituen gai bati heldu eta hori modu artistikoan lantzea. Horixe izango zen ziur aski Maria Goirizelaia bilbotarraren heina Harri, orri, or lana idatzi eta zuzentzerakoan. Gure herriak azken hamarkadetan pairatu dituen zenbait gatazkek eragindako zauriak modu batera edo bestera bizirik dituzten ezaugarri desberdinetako zazpi lagun jolasean ari dira ikastolako patioan haurrak aritzen diren antzera, isekak, barreak, hausnarketak eta negarrak elkarbanatuz. Finean, antzerkia ere horixe da, libertimendu hutsa, Antton Luku antzerkigileak idatzitako liburuaren izenburuak zioen gisan; ikusleen eta antzezleen arteko akordioa, non istorio baten nondik norakoak sinestarazten ahaleginduko denak eta mundu horretan murgiltzeko tentazioa sentitu behar lukeen ikusleak bat egiten duten.

      Iaz pandemia gogaikarri honen ondorioz Azpeitian plazaratu ezin izan zuten piezak ez du lortzen akordio hori sendoa izatea eta lanak irauten duen ordu eta hogei minutuetan zutik mantentzea. Sozialki korapilatsuak diren gaietan oinarritutako artelanak sortzea, katartikoa eta askatzailea izateaz gain, oso zaila ere bada. Sentsibilitate eta pentsaera guztiak errespetatu nahi izatea, kolpea hartu aurretik umeoi —antzokira gerturatzen garen ikusle birjinaloi— tirita jartzea, zauri hori garbitzeko bide antzua da. Mina lokalizatu egin behar izaten da; urratua garbitu, merkromina bota, horrek erretzen eta sumintzen bagaitu ere, eta erabat sendatu dadin gasa zuriarekin estali. Gaurkoan, ordea, erreferentzia kaskarren eta topikoen nahaspila baten gainean eraikitzen den errelato superfizial bat jaso dugu, farmako sendagarria izateko koska zenbait igotzea falta zaion piezarekin.

      Nioen igandean, eta bigarren aste honi hasiera eman dion obran baieztatu dut, esaldietan gaztelania tonu komikoan erabiltzeak indarra kentzen diola gure hizkuntzan esploratu nahi den edozein munduri. Helduxeagoa zen pertsonaiaren ahotan, esaldi bakoitzean entzun behar izan ditugu erdaraz eginiko komentarioak. Zinez nekagarria, gaztelaniazko bertsio bat duen lana dela kontuan izanik. Bestalde, Euskal Herrian zehar barreiatu eta pairatu den gatazka zenbaiti buruz hitz egiterako orduan, narratibaren kokalekua zabalagoa izatea ere eskertu egingo litzateke, Bizkaiko erreferentziei eta bizkaierari beste zenbait gune eta euskalki gehituz. Narratiba azpimarratzeko mahai baten gainean jarririko argazkiak agertokiaren atzealdeko pantailan proiektatu dituzte. Argazkiok aktoreek manipulatzen zituzten, hondarra erabiliz istorioak marrazten dituzten kontalarien antzera. Efektu polita, baina gehiago landu beharrekoa, argazkien testuingurua eta egokitasuna hobeto neurtuz.

      Lanak amaiera polita du, belaunaldi berrienei ere lekua eginez taula gainean, beldurrik gabe jaio diren horiek jolaslekuaren jabe egiten dira fokuak itzaltzearekin batera. Teloia itxi eta altxatu gara besaulkietatik; jabetu naiz gauza handiak transmititzeko intentzioa zuen katarsiak indarra galdu duela, jolasean.