Meeting point
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2020-10-30
“Erlauntza”

 

      Enkontrua. Bizitzan zehar esperientzia gazi-gozoen pluma finez idazten dugun liburuaren orrialde desberdinetan aurkitzen diren sei emakumeren elkartzea du abiapuntutzat Erlauntza antzezlanak. Aste bukaera pasa dibertigarria zirudiena, aitortza eta aurpegiratze zekenen festa bilakatuko da. Antzerki ortodoxoagoa igo zaigu bigarren egunean jendez beteriko Soreasu antzokiko oholtzara. Aforo mugak mantenduz, hori bai. Eszenografia domestiko zein zabalak eta testuaren erritmo arinak, sitcom amerikarren itxura ematen diote finean edonorren esperientziatik ugari duten egoera komunen baitan dantzatzen den koreografia honi. Maitasuna, amatasuna, homosexualitatea edota minbizia mintzagai dituzte protagonistek, alkoholaren eskutik miseria bihurtzen den ezkondu aurreko agur berezi honetan.

      Astebete barru estreinatuko da zinema aretoetan taula gaineko formatuan agian estatikoegia suertatzen den harreman sare korapilatsu hau. Kontatzeko ugari izateak eta fokua aldiro pertsonaien gatazka desberdinetan jarri beharrak, etengabeko sei protagonisten presentzia eszenikoa batzuetan pisutsu bihurtzen dute, nire ustez. Interakzioak eta izaera desberdinen artean sortzen diren talkak aberatsak diren arren, ez da erraza obra osoan zehar erritmo altu hori mantentzea uneoro. Horretaz gain, pertsonaia zenbaiten distira berezi zein batzuetan tentatuak, itzal egiten diete gainontzeko hizlarien ahultasunari; denek baitute zerbait kontatzeko baina denborak aireak lez ihes egiten du eta amaieran narrazioari itxitura fin bat eman nahi izateak, konflikto zenbaiten azalpena ikusleari erretinan trabatzea dakar.

      Gizakiaren degradazioa askotan izan ohi da antzerki piezen sorburu. Denon instintu primarioek, pentsaezinak zaizkigun gauzak egitera garamatzate eta egiaren eremuak erre egiten digu oinazpia. Lortzen du gaurko lanak hori eta erritmoaren bizitasunak ikuslea abiadan harrapatzen du. Egun parea daramagu azpeitiarrok besaulki patioan eserita eta aldi bietan, emakumeen gatazkek konkistatu dute gure arreta. Zortekoak gu, mundu aberatsen islada, distantzien garaian, hain urretik gozatzeko aukera izateagatik. Igandean dugu hurrengo zita, antzerki zaleon enkontru gunean.