Taldea: Orain. Zuzendaria: Maribel Belastegi. Aktoreak: E. Diaz de Rada, Iņake Irastorza, Joseba Apaolaza, Niko Lizeaga, Jon Garaialde, Angel Alkain, Pako Sagarzazu, Jokin Conde, Kepa Celestino, Fermin Sales, Teresa Cobo, Itziar Lazkano, Nati Ortiz de Zarate, Duni Bonet, Txeli, M.J. Landaburu. Non: Barakaldoko Barakaldo Antzokian. Noiz: Urtarrilaren 31 eta otsailaren 1 eta 2a.
Asteburu honetan Barakaldo Antzokiak Bizkaian estreinatzen den Orain taldearen azken muntaia aurkeztu du: “D’Artagnan”. Abentura komedia karteletan beraiek definitzen duten bezala.
Alexandre Dumasen lan ezagunean oinarriturik, Orain taldeak muntaia handinahia jarri du eszenatokian behintzat aurrekontuen aldetik, eta horretarako zenbait instituzioren laguntza lortu behar izan du. Orain taldearen bertsioan pertsonaia anitz pasatzen da eszenatokitik: D’Artagnan eta hiru mosketeroak, Richelieu kardenala, Winterko Milady, D’Artagnanen gurasoak, nekazariak, mojak, soldaduak, eskaleak, borreroa, eta abar. Guztira hamasei aktoreek hirurogeita bost pertsonaia egiten dituzte.
Hasiera batean ez dakigu lana nora joango den, baina ekintza laster gauzatzen da eta hogeita hemeretzi eszenak arin aldatzen dira argumentua burutu arte. Horregatik eszenatokian ia ez dago apainketarik, ezinbestekoak diren zenbait elementu mugikorrek eszenak girotzeko izan ezik.
Eszena aldaketak iluntasunean egiten dira. Eszenak eta iluntasunaren momentuak etengabe aldizkatzen dira eta horrela diapositiba emanaldia ikusten ari garela iruditzen zaigu. Efektua interesgarria da estetika aldetik eta aldaketak arinak eta sinpleak dira, baina azkenean aldaketa gehiegi dira eta horrek ikuskizunaz gozatzea oztopatzen du.
Pertsonaien eta egoeren aukerak, landutako ezpatarien duelu luzeek, musikak, eta jantzien edertasunak oso ikuskizun ikusgarria egiten dute, gainera hamaika sorpresa txikik eta umore txinpartak lan atsegingarri zein ikusteko erraza osatzen dute.