Teatroa maitatzeko
Oier Guillan
Argia, 2012-11-18
“Publikoari gorroto”

 

      Luhusoko estreinaldiaren osteko emanaldi oldearen harian, Usurbilen eskaini zuen Huts Teatroak Publikoari gorroto antzezlan berria. Antzerkizale eguna zen, eta Sutegi aretoa bete zuten zaleen artean antzerkigile ugari zegoen.

      Interes biziko lana da Publikoari gorroto, hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin, Ander Lipusen ibilbidean urrats bat gehiago suposatzen du lan honek, Artedrama plataformaren gerizpean Huts Teatroa taldea sortu berri duen heinean. Aspaldian testu berririk ezagutu ez diogun arren, Xabier Mendiguren Elizegiren teatro lan bat da oholtzara eraman dena, euskaraz teatroa idazteko apustua egindako literatura idazle bakanetakoa. Kasu honetan zehazki, are interesgarriagoa egiten du Antonin Artauden esanen eraginpean sortu izanak testua, ankerkeriaren bidetik; teatroari berari buruzko lana da Publikoari gorroto, teatroa teatroaren barruan. Azkenik, lana osatzeko lantalde tekniko eta artistiko anitza bildu da, emaitza estetikoan eragin ederra izan duena; fitxatik izen batzuk ekartzearren, Iņaki Ziarrusta eta Miren Tirapuk ausardia eszenikoz egin diote aurre ustezko minimotan mantendu behar den interpretazioa osatzeari. Haiekin batera nabarmentzekoa da Manex Fuchsen zuzendaritza; Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritzen zen Aulki hutsa lanean Lipusek zuzendu zuen Fuchs, eta oraingo honetan rolak aldatu egin dituzte.

      Ez da apustu erraza Publikoari gorroto taularatzea. Lehenik eta behin, tituluaz harago publikoari eta are teatroari berari maitasuna adierazteko modu bat delako, teatroaz gogoeta egiten ohituta ez dagoenarentzat arrotza suerta litekeena apika. Teatroa maitatzeko erronka luzatu diote egileek publikoari berari beraz, ez modu errazean: egitura dramatikoari dagokionez ez da ohiko antzezlana, zenbait unetan dagoen umore motak lanean sartu baino, atera egin dezake ikuslea, manifestu itxurako sarreran esan beharreko asko esanak geratzen dira lan osorako, zirkuluan baino ez du egingo aurrera istoriorik gabeko istorioak nolabaiteko in crescendoaren bila. Ezohikoa, eta horregatik beragatik ikusi beharrekoa. Publikook eskertu egiten ditugulako ezeroso sentiarazten gaituzten lanak, kulturak funtsezkoak dituelako ezohiko mundu batean sentiarazten gaituzten obrak: ikasteko, eztabaidatzeko, ikusle gisa hazteko, teatroa eta artea maitatzen jarraitzeko.

      Eta funtsean, bada ankerkeria oro hari bakarrean lotu eta ikuslea harrapatzen duen zerbait: Ziarrusta-Tirapu bikoteak obrari emandako interpretazio-orube sendoa, eta Ander Lipusen maisutasuna oholtza gainean. Egileek bete-betean asmatu dute Lipusen ibilbidean arras ezagunak diren karabanako pertsonaiak obraren dramaturgia propioan txertatzen. Testuari sekulako bizitza emateaz gain Lipusen ibilbidearekin guztiz koherentea da hautu hori, zentzu horretan kasik hunkigarria izateraino. Horri lotuta, segur aski eredugarria da aurretik paperean idatzitako testu bati eszenan bizitza emateko duten modua: hitzek lerro artean gorde dezaketena ikusten eta ikusarazten jakin dute une askotan. Teatroa maitatzeko lana da, funtsean.