Taldea: Gilkitxaro.
Ane Zabalak eta Galder Perezek osatzen duten Gilkitxaro antzerki taldeak Urak Ttiki dire antzezlana aurkeztu du berriki. Bilboko P6 aretoan egin zuten estreinaldia, azaroaren 8an, eta harrera ona eskaini zion publikoak. Gaizka Sarasola aktore eta musikariak idatzia da Urak Ttiki dire, espresuki Gilkitxaro taldeak antzezteko. Ez da ohikoa, aurretik egindako lan guztiak, Miranderen Kabareta edo 8 Begi kasurako, taldeko kideek berek idatzi baitituzte.
Samuel Beckett antzerkiegilearen Godoten Esperoan antzezlaneren kutsua nabaria du Gilkitxaroren lan berri honek. Bi pertsonaiak, Ilargi eta Willy, espazio ezezagun batean daude, suposatzekoa da basoan egin dutela topo, inoiz agertuko ez den balizko errege baten zain.
Drama, komedia eta absurdoaren uretan murgiltzen dira aktore biak, iraganaz, etorkizunaz, badenaz eta ez denaz, borrokaz, maitasunaz, itxaropenaz zein amaieraz mintzatzeko, denbora geldirik dagoela.
Komedian aritu dira beti Ane eta Galder, eta bitxi egiten da beraiek teatro serioa egiten ikustea. Hala ere, emaitza ezin hobea da: tentsioa, drama eta komedia, dena barre artean, aktoreak muturretik muturrera doaz eta.
Abenduaren 14an Lesakan, eta abenduaren 27an Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean izango da Gilkitxaroren azken antzezlana gozatzeko aukera.
P6 aretoak eskainitako euskarazko emanaldia bikoitza izan zen. Bigarren saioan Oh! My God taldearen Zer duzu Amy? antzezlana ikusi ahal izan genuen.
Leire Ucha aktorea bikain sartzen da Amy Winehousen larruan, hori baita abesbatzako bigarren solistaren —Daisy izen artistikoz ezaguna— asmoa. Daisyk edozein gauza egingo luke Amyren ahotsa eta talentua bereganatzeko. Soul abeslariaren heriotzaren berri izatean, Londreseko Edgwareburyko kanposantura abiatuko da, Amyren ahots kordak eskuratzera.
Leire Uchak abesten eta dantzatzen du, eta bakarrizketa komiko ederra eskaintzen. Aurretik egindako beste lan batzuetan bezala (Lauraren abestia, Mamuak ala Soka Emakumea), ondo egiten du lan bizkaitarrak. Daisy barregarri suertatzen da, baina baita maitagarri ere.