Dialektikaren poderioa
Alvaro Hilario Pérez De San Román
Argia, 2014-11-30
“Bi hots”

 

      Harrera ona, oso, dantza eta arte eszenikoetako hainbat diziplina uztartzen dituen Bi hots ikuskizunak Bilboko estreinaldian (azaroaren 1ean, BAD jaialdian) jaso zuena. Izan ere, La Merced ikastetxean ziren 150 inguru ikusleek, zutunik, eskainitako txalo zaparradak behartuta, hiru alditan atera behar izan zuten agurtzen antzezleek.

      Eszenografiaren aldetik ikuskizun xumea bada ere, oparoak dira Bi hots obrak jorratzen dituen bideak zein eskaintzen dituen emaitzak. Izen berak azaltzen duen bezala, kontrakoen arteko borroka, dialektika bera, dugu ikuskizunaren ardatz. Hegelek eta Marxek sistematizatutako prozesua oholtzara eroan dute lanaren egile eta antzezle Naiara Mendiorozek eta Javier Murugarrenek. Irrintziak eta operetak, andrea eta gizona, egurra eta burdina, marrak eta borobilak, lurra eta sua, ekaitza eta barea ditugu, besteak beste, arte eta sormenaren gaineko hausnarketa, esperimentazioa, bultzatzeko baliatzen diren elementuetako batzuk.

      47 minutuko ikuskizun hau bi ataletan dago banatuta. Lehenengoari, Mendiorozen eta Murugarrenen ahotsek ematen diote hasiera. Argiak baino ez dituen agertokian, aurrez aurre, elkarri begira, antzezle biek tonalitate, erritmo eta hizkuntza askotako solasaldia sortzen dute; aurrera egin ahala, gero eta biziagoa bihurtzen den elkarrizketa-borroka horrek —ia-ia, mantra bilakatuta, hunkituta, trantzean lagatzen du ikusleria—. Ozta-ozta, Bingen Mendizabalen musikak lagunduta, ahotsak oihartzun bihurtzen dira, eta dantza egiteko gonbidapena luzatzen da. Marrak, borobilak, hutsuneak… Makila-dantza berezia dugu, haragia eta egurra uztartzen eta elkarren kontra kokatzen dituena… Ala giza-txalaparta dugu? Bitxia, eraginkorra. Esango nuke literatura figurak ere (aliterazioak, zangalatrauak, errepikatzeak) bihurtzen dituztela hotsak zein mugimenduak, hartan bezala, musikaltasuna lortzeko bidean.

      Hamar minutuko atsedenaldiaren ostean, txalaparta bat agertzen da oholetan, alde batetik bestera mugitzen dena; Murugarrenek erritmo biziari ekin bitartean, hara non beste bigarren bat agertzen zaigun, Javier Olaizolarena: txalapartek ere, soinu-guda batean sartuta, dantza egiten dute. Baliteke, antzeko elementuak baliatzen dituen Herritmo lanean gertatzen den bezala, tradizioaren inguruko aipamena izatea txalapartaren erabilpena, baina nik eguneroko musika izeneko joeran (egunero gure inguruan diren elementuak musika sortzeko erabiltzen dituena) ere sartuko nuke, txalaparta aspalditik baita guztion bizitzan presente dugun osagaia. Bestalde, Olaizolak eta Murugarrenek txalapartaren egungo erabilpena egiten dute: jazzean bezala, inprobisatu egiten dute. Azken batean, Dexter Gordonek behin esan zuen moduan, “jazza ez da egiten duzuna, zelan egiten duzun baizik”.

      Borroka bizian segituko du bikoteak hang-a (metalezko instrumentua) eta harriparta (harrizko txalaparta) jotzen. Bitartean, Mendiorozek txalaparten oholak baliatuko ditu zerbait eraikitzeko: hesia, bidea…

      Bi hots ikuskariak gozatzera eta pentsatzera behartzen gaitu. Nork bere ikuskizuna izatera animatzen gaitu; ikuskizunak bere baitan sartzen gaitu eta normalean ahaztuta dugun ezaugarri garrantzitsu bat, sortzea, askatzen du.

      Argiztatzearen ardura, garrantzitsua betiere, David Alcortarena da. Paz de Ziganda abesbatzarenak dira ikuskizunean entzuten diren ahotsak. Eusko Jaurlaritzak ekoitzitako lan honetan Mallorkako Centre Cap Vermell, Deustuko ZAWP, Malasiako Rimbun Dahan, Arabako Azala eta TAE zein Atarrabiako Kultur Etxea elkarteek ere parte hartu dute. Hil honetan Bilboko BAD, Kuala Lunpurreko Kaleidoscope eta Atarrabiako Inmediaciones jaialdietan izan dira. Abenduaren 19an, berriz, Azpeitian izango da ikusgai.