Taldea: Metrokoadroka. Antzezleak: Oier Guillan, Javi Barandiaran, Asier Sarasola, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez. Hurrengo emanaldiak: maiatzak 5 (Zumaia), maiatzak 16 (Gasteiz), maiatzak 29 (Azpeitia), ekainak 21 (Orereta), uztailak 18 (Ea).
Ikusleak banan-banan goaz sartzen areto barrura. Dagoeneko, antzezlana hasia dago. Nork bere lekua bilatzen duen bitartean, eszenan, hileta-elizkizuna izan daitekeena aurrera doa. Latinez ari da apaiza, letania baten antzera, hildakoa erdian, familia eta lagunak malko artean. Hasi da teatroa, ikusleok ez dakigun arren.
Su izan nahi: hildakoak, senideak eta maskotak antzezlanak, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? aurreko antzezlaneko kideak bildu ditu berriz ere. Kolektibo honek ohikoa duen moduan, gorputzaren erabilera, poetikotasuna, performancea, musika eta margogintza bezalako diziplinak nahastuko dituzte oraingoan ere, beti, teatroa dutela bide eta helburu.
Antzerki postdramatikoa deitu izan diote kritikariek Metrokoadroka bezala aritzen diren lanei, dramaz, istorioaz edota fikzioaz harago, teatro gehiago dagoela esateko. Antzerki postdramatiko honen ezaugarrietako bat benetakotasuna dugu: Oholtza gainean daudenak ez dira testu jakin bateko pertsonaiak, pertsonak baizik, nahiz eta aktoreak izan eta antzerkiaren magian erabat murgilduta egon. Metrokoadrokak sormen kolektiboa du oinarrian eta, Su izan nahi antzezlanean aktoreak euren esperientziatik abiatuko dira, kasu honetan, Javi, Oier, Axi, Idoia eta Anderrek euren hildako guztiez hitz egingo digute. Ez hori bakarrik, teatroaren metafora erreminta nagusi, Javi da Javi, Oier da Oier... euren benetako izenaz eta izanaz arituko dira taula gainean.
Antzerki garaikidea eta berritzailea dugu Su izan nahi. Eszena den kutxa beltzaren laugarren horma eraistea dute helburu, nolabait gonbita luzatuz: “Igo zaitez oholtzara eta kontaiguzu zeintzuk diren zure hildako guztiak”. Gogoa ematen du. Atrezzo nagusia hiru eserlekuko butaka ilara dugu, eurek ere publikoak duen jarrera berenganatzeko aproposa. Horrela, parez pare, antzezleek publikoa txalotuko dute, zuzen-zuzenean ariko dira ikusleekin eszena eta butaka-patioa banatzen dituen lerro mehea urratuz; eta naturalitate osoarekin azalduko digute zer gertatuko den hurrengo eszenan.
Hala ere, ezin daiteke esan, antzezlan honen muina heriotza bera denik, bizitzari egindako kantu eder eta poetikoa baizik. Eta horregatik bakarrik merezi du arreta. Umorea erabiliko dute, nahiz eta, zenbait unetan, kontakizuna gogorra izan. “Ez da ohiko komedia eta, batzuetan ikusleak ez daki noiz barre egin behar duen edota noiz dolua sentitu”, esan digu Javi Barandiaran aktoreak antzezlanaren ostean.
Su izan nahi Loraldia Jaialdiaren baitan ikusi ahal izan genuen, Pabiloi 6 aretoan. Euskal sorkuntza ardatz izan duen jaialdiak euskara eta euskal kultura ohikoak ez diren Bilboko areto eta espazioetara erakarri ditu —adibidez, Uxue Alberdi eta Oihana Bartraren bertsoak entzun ahal izan ziren Guggenheimeko entzungelan—. Pabiloi 6 aretoa bete egin zen, jaialdiak antolatutako beste ekitaldiak bezala. Alegia, euskal sorkuntzak berdin betetzen duela antzokia. Bertako kudeatzaileei zer pentsa eman ote zien jakitea gustatuko litzaiguke.