Lagun izoztua, kolega kongelatua
Gorka Bereziartua Mitxelena
Argia, 2017-07-23
“Hozkailua”

Non-noiz: Uztailaren 15ean Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan.

      20 gradu inguru egiten zituen Donostian joan den larunbatean, ez oso sargori ere. Gauean hoztuko duen prebisioarekin, badaezpada jertse fin bat hartzen duzun egun horietakoa. Sartu ginen Victoria Eugeniako sotoan, hartu genituen posizioak lehen lerroan, eta minutu pare bat aski izan ziren, atxis, jertsea janzteko. Polarra zen aire girotu hura. “Nahita egingo zuten, antzezlanak Hozkailua dauka izena”, esan zenidan. Bagenekien Huts teatrokoak espezialistak direla gauza berriak probatzen, laugarren pareta hautsi, publikoa ere obraren parte egin, gauza horiek; baina ikusleak Kelvinator batean sartzea obra hasi aurretik… Ezin zuen izan, ez, ez zen beraien asmoa, handik gutxira gelditu zuten Siberiako haize makina, juxtu Patricia Urrutia eta Ander Lipus eszenatokian agertu baino lehen.

      Eta agertu ziren hozkailu batekin. Hozkailu zahar bat, zikina, herdoildua, astunki garraiatzen zutena eszenatoki atzean marra gutxi batzuekin iradokitzen zen Mad Max estiloko paisaia batetik. Jimmy dago hozkailu barruan, Maite eta Karlos protagonisten lagun izandakoa —bueno, lagun: kolega—, zeina Londresen hil den duela gutxi eta eskatu duen bere herrian lurpera dezatela. Baina ez dira herriaren izenaz akordatzen. Bilaketa hori iniziazio-bidaia bihurtuko zaie protagonistei edo, hobe esanda, berriniziazio-bidaia, 20 urte inguru zituzteneko oroitzapenetan oinarritzen baita antzezlana.

      Iraganaren errebisioa ardatz duten obrak ari dira izaten azken urteetan euskal teatroaren lan esanguratsuenetako batzuk —gogoratu Dejaburen Gure bide galduak eta Arrastoak, adibidez—; eta Hozkailuaren kasuan, esango nuke senidetuta dagoela marko horretan sar daitekeen beste lan batekin: Dejabuk berak, Le Petit Théâtre de Painek eta Artedramak 2010ean estreinatu zuten Errautsakekin. Antzeko elementuak bietan, hildako lagunarekin hasi, defuntuak oholtzan duen presentzia/ausentziarekin segi, heriotzak probokatzen duen lagunarteko harremanen berrikusketaraino. Testuan ere bada kointzidentzia, obra hura Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi baitzuten eta hau Iturriagak.

      Baina oraingoan formatu txikiko lana da, zeinean lupa gehiago gerturatzen den protagonista bakoitzera, belaunaldi-erretratuari pisua kenduz —horren pintxo batzuk jan genituen arren, aktoreek Baldin Badaren edo Eskorbutoren kantak abestu zituztenean—. Lan punkagoa da hau, ondo aukeratutako lau akorderekin zuzenean zainera apuntatzen duena, Lipusen eta Urrutiaren arteko dialogo biziek lagunduta —hori da eszenatokia betetzea, 60 minutu airean pasatu ziren—.

      Amaieran iragarri zuten udan atsedena hartuko dutela. Irailetik aurrera hasiko dira berriz Euskal Herriko antzokiak freskatzen.