Betidanik, betirako
Alejandra Goikoetxea
Argia, 2019-02-17
“Erlauntza”

Taldea: Vaiven producciones. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Testua eta zuzendari laguntzailea: Kepa Errasti. Eszenaratze espazioa: Fernando Bernués. Aktoreak: Itziar Atienza, Naiara Arnedo, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Aitziber Garmendia eta Leire Ruiz. Noiz: urtarrilak 13. Non: Bilboko Arriaga Antzokia.

      Asteburu eroa izan dugu parez-pare taula gainean, kuadrillako baten ezkon aurreko agurra ospatzeko aitzakian, aspaldian elkartuko gabeko sei lagun kuadrilla batu dira landa etxe batean. Betidanik izandako lagunak, betidanik ezagututako egia ezkutuak azaleratuko dituzte, eta orduan hasiko da benetako festa. Alkohola, drogak, eta horiei laguntzeko aspaldian esan gabeko gauza ugari. Azkenerako baina, landa etxean dagoen erlauntzako erleek egin ohi duten moduan, hitz, oihu eta dantza eginez, bata bestearekin komunikatuko dira, betidanik errotutako hori betirako sendotuz.

      Komedia ederraz gozatzeko aukera izan dugu, eta berriro ere, Errastiren gidoiak, ezusteko barre algara bat baino gehiago lapurtu dit. Komedia indartsua, bizia, elkarrizketa sano eta hizkuntza jator eta zainduarekin. Denbora dezente pasatu da antzokian horrelako giroa topatu ez dudanetik.

      Eszenatoki gainean lagun kuadrilla baino aktore zerrenda paregabea ikusi dut, sarritan ez bezala denak emakumeak, ederra hau ere! Zaila egiten zait aktore zehatz baten lana nabarmentzea, denak ere onena eman baitute. Aitziber Garmendiari egokitu zaio protagonista rola eta taxuz bete du papera, baina talde-lana izan da oraingo honetan Arriagako eszenatokian nabarmen.

      Arriagatik sarri egin dut salto neure lagunen arteko Kabauko bazkarietara. Gara ikusten nuen uneoro selfie-ak atera eta momentuak izoztu nahian, Andrea gure arteko haserreetan zentzua jarri guran, Paula berriz momentu bakoitzari musika jartzeko ahaleginean… Merezi du, Vaiven konpainiaren azken lana ikusteko tarte bat hartzea. Barre eginaz norbere lagun arteari erreparatzeko, eta betidanik alboan dauzkagun horiek balioan jartzeko ez bada ere.