Zuzendaria: Begoņa Bilbao. Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Jantziak: Kristina Martinez. Eszenografia: Asier Sancho. Argi diseinua: Julen Zaballa. Teknikariak: Alfredo Medina eta Javier Guerra.
Telefono konpainia bateko denda batean elkar ezagutzen dute Sara (Aitziber Garmendia) eta Imanol (Jon Plazaola) dendariek. Elkarrizketa deseroso hasi arren, bukaerarako bien artean zer edo zer badagoela sumatzen dute protagonistek. Ustez barneratuta duten galtzaile izate horretatik kanpo kokatuko dituena biak. Izan ere, 40 urteak beteta eta oraindik lan egonkorrik gabe, iraganeko bikote harremanean trabatuta eta ume barik daude Sara eta Imanol loser edo galtzaileak.
Esperotako komedia erromantikoa izan da taula gainean aurkitutakoa. Eguneroko topikoen salaketa egiteko ahaleginean labur gelditu dena. Sare sozialak eta bertako itxurakeria hartu ditu hizpide ikuskizunaren zatirik handienak. Nire ustez, gaur egungo harremanen eraikuntzaren kritika epela, sakontasun larregirik bakoa.
Puntako bi aktoreen lanak umore errazenarekin ere publikoa algaraka ipini du. Nik neuk ere musukoaren azpian pare bat aldiz irribarre egin dut, aitortu beharra daukat. Umorea izan da antzezlanaren haria jarraitzeko tresna nagusia eta hori ondo baino hobeto kudeatzen dute Garmendiak eta Plazaolak.
Ni gustura atera naiz sarrerak agortuta kartela eseki duen emanalditik, kultur egarria duen herri baten irudiarekin, baina gorputzak oraindik ere gehiago eskatzen dit.