Tripak atara
Jone Alaitz Uriarte
Argia, 2021-04-04
“Sonata bat”

 

      Tripak Kolektiboa antzerki konpainia da, Gasteizen du bere kanpamentu nagusia, eta egun bost emakumezkok osatzen duten proiektua da: Marina Suárez, Natalia Suárez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarenak. Konpainiak 2013. urtean hasi zuen ibilbidea Gasteizko Baratza Aretoko antzerki laborategietan eta ordutik hiru dira publiko aurrean aurkeztu dituzten lanak: Maite (2013), Aitaren larrua (2015) eta Urruna (2019). Beren lana euskal antzoki sarean luzaz erakutsi bada ere, zirkuitu artistikoetan ere izan du isla. Izan ere, konpainiaren sortze-prozesuak eta erreferentziak arte plastiko eta bisualek zeharkatuak daude. Halaber, konpainiako kideek Arte-Ederretako fakultatean ezagutu zuten elkar eta badute beren ibilbide propioa artista gisa.

      Sortze-prozesu luzeak izaten dituzte, saiakera, bazterkin eta deriba ugarirekin. Obrek abiapuntu ezberdinak izan ditzakete —argazki bat, asmatutako leku ezinezko bat edota gidoi bat—, eta handik aurrera hainbat eta hainbat forma hartuz doa obra, itxuraldatuz, adierazpen ezberdinak arakatuz, lengoaia baten eta bestearen arteko mugak tenkatuz. Eszenatokiratzen dituzten objektuekin ere harreman bereziak sortzen dituzte Tripakekoek, eta askotan objektuek taula gainean dauden protagonistak dirudite. Sortze-prozesu horietan, sarri, inguruko lagun eta artistekin kolaborazioak egiten dituzte, izan musikari, izan artista, aberasgarriak suertatzen diren lan-ildoei ekinez.

      Egun Platea lana prestatzen dabiltza buru-belarri. Lan-prozesu horretan, egonaldi ezberdinak egin dituzte Bilboko Bulegoa z/b espazioan, Arabako Azala Kreazio Espazioan eta martxoan Sardiniako S’ALA-n egonaldia egin dute azken lan horri forma ematen jarraitzeko. Noizean behin, sortze-prozesuan sartzeko aukera ematen digute, pasa den urteko urrian Eremuak jardunaldietan egin zuten aurkezpenean, kasu. Work in progress horretan, Donostiako Tabakalerara gerturatu ginenok Platea obraren nondik-norakoak ezagutzeko aukera izan genuen. Eta emanaldi hura, oraindik bukatuta ez dagoen saiakera hura ikusteak, esango nuke ez zuela inor axolagabe utzi.

      Platean, zetazko mahai-azpi urdinxkadun mahai baten bueltan, lau protagonistak bankete oparoa izandakoaren aldirietan ageri dira, zorioneko une baten azken apurrak dastatzen eta azken tantak edaten, dantzan, igurtzen, ekilibrio ezegonkor batean borrokan. Dekadentzia somatzen da atmosferan, egunsentira heltzen ari den festaren azken zipriztinak bailiran, hasierako elegantzia eta neurritasuna aspaldi galdu den ordu txiki horietan gertatzen den bezala. Zilarrezkoak izan litezkeen baina metal itxura duten erretiluak, ontziak eta kopak, haien arteko talkak eta isuriak dekadentzia sentsazio hori areagotu besterik ez dute egiten. Obra osoa mahaiaren inguru horretan garatzen da, erritmo pausatuan, melankolia puntu batekin. Laukoteak sortzen duen irudiak sarri, tableau vivant baten itxura hartzen du: itzela da sortarazten duten garaiko iruditegi piktorikoa.

      Sonata bat bideoan, aipatu berri dugun eszena aire irekira eramaten dute, piezaren dimentsioa hedatuz. Tripakekoek hiru egun pasa zituzten Santa Katalinako lorategian bideo-pieza hori grabatzen, eszena bakoitza lokalizazio ezberdin batean interpretatuz. Natura, arkitektura eta memoria batzen diren kokapen horretan laukotearen presentziak, haien gorputzek eta imintzioek, paisaian eragin egiten dute, bertako eszenatoki naturalean ezohiko elementu gisa txertatzen dira. Nesken keinu eta mugimenduek, harri jaurtiketek eta zaratek, durundiak eta burrunbak sortzen dituzte lautadan barrena. Lekuak berak balio erantsia ematen dio piezari; izan ere, aukeratutako lokalizazioa ezin liteke ederragoa izan: Badaiako mendilerroaren magalean dagoen XIII. mendeko dorretxe eta komentu agustindar izandakoaren hondarrak, gaur Santa Katalina lorategi botanikoa izenez ezagutzen dena.

      Kokaleku horretan, erraz antzemango dugu zeta urdinezko mahaia, baita aurreko obran ikusiak genituen erretilu eta kopak ere. Eta etengabe eta neurririk gabe irensten dituzten oskoldun jaki horiek. Bereziki dira politak ibaian grabatutako eszenak, lau protagonistak, horietako bat biolinaz, ur gardenetan agertzen direnean, parpailadun arropekin igerian, edateari utzi gabe, flotatzen, kantuan. Ez dakigu zehazki sirenak ote diren, baina beren kopekin topa egiten jarraitzen dute, ospatzen duten horren zergatia zein den jakin ez dakigun arren. Ilargiak zeru iluna argitzen du, banketea bere azkenetan dago, festa baten apurrak besterik ez dira geratzen. Dagoeneko kandelak itzalita daude.

      Tripak: Sonata bat Bilboko Bulegoa z/b espazioan egin zuten egonaldi artistikoaren testuinguruan sortutako bideoa da. Oraindik denbora falta da obra antzokietan ikusi ahal izateko, baina bien bitartean bideo honek antzezlan bat ikusteko beste formatu bat eskaintzen digu, antzerkia imajinatzeko dimentsio berria dakarkigu, hala nola, prozesua ikusarazteko aukera ere. Zapizuria.org webgune interaktiboan dago ikusgai esku-hartze artistikoa.