Liburua: 39 lore
Egilea: Amancay Gaztaņaga
Argitaletxea: Susa / EHAZE
Urtea: 2021
Emakume gaiztoak dira pertsonaia nagusiak Amancay Gaztaņagak argitaratu duen 39 lore azken antzezlanean. Edo emakume gaiztotuak esan beharko nuke. Izan ere, bat ez da berez doilor edo onbera jaiotzen; kulturaren balioek egiten gaituzte bataren edo bestearen aldekoago, bakoitzak arau sozialei men egiteko duen aldez aurretiko joerak, hain zuzen. Ona ala txarra izatea perspektiba kontua omen da, eta, duda barik, anbibalentzia horrekin egin du jolas autoreak bere azken obran: iturri klasikoetara jo eta hankaz gora erakusten digu Mitologia (maiuskula eta guzti). Letra larriz idazten den Historia bezala, hori ere, diskurtso hegemonikoak sortu eta idatzi du, androzentrismotik diharduen horrek. Perspektiba horixe da idazleak iraultzen duena; txarrak ez dira horren txarrak, onak horren balekoak ez diren bezalaxe, nondik begiratzen zaion. Guztiarekin ere, mitologia klasikoaren berrirakurketa bat proposatzen digu autoreak, zeinetan bidaiaren protagonista ez den Ulises, kultura guztietan aurki daitezkeen Medeak, Ateneak, Arakneak eta Dafneak baino, besteak beste.
Pertsonaia femenino horiek guztiek, gainera, hainbat lengoaiatan hitz egiten dute. Hitzez, euskara da nagusi, nahiz eta egunerokoan, eta gurea bezalako testuinguru diglosikoan, ohikoak diren esapide erdaldunak ere tartekatzen diren. Musikak ere badu esanahirik obran, hitzei lirismo kutsu bat darie, eta atzeko oihalean bateriaren soinuak doinu erritmiko bat eransten die ekintzei. Dena den, ikusten ditugunek baino esaten ez direnek pisu handiagoa dutela esango nuke; asko dira obrak han-hemenka uzten dituen hutsuneak (batzuetan gehiegi), asko biluzik eta mugimenduz aurkezten eta interpretatzen diren gorputzak. Aurreko guztiaren osagarri, hitzatzean irakurleari pertsonaia bakoitzaren erretratu-puskak eskaintzen zaizkio, eta Arrate Rodriguezen ilustrazio horiek, pertsonaiak gizatiartzeko ez ezik, irakurketak biderkatzeko aukera ematen dute.
Aristotelesen hiru unitate zurrun eta trinkoei men egiten zien/dien teatro klasikotik urrun, agerraldiek mugimendu kaotikoa iradokitzen dute. Antzezlanak leku eta paisaia batetik bestera eramaten du irakurlea, eta iruditzen zait idazleak obra sortzerakoan buruan izan duen balizko ikusleengan ere efektu bera eragin nahi izan duela. Izan ere, eszena bakoitza hezurmamitzen den euskarria bera ere, hots, agertokia, zirkularra da eta bere ardatzaren inguruan dabil biraka. Azken baliabide horren bitartez, Gaztaņagaren proposamenak erdigunean jartzen du agertokia (zentzu literalean, noski), eta giro integratu eta integratzaile bat sortzen: batetik, diseinu zirkularrak balizko ikusleak bere inguruan kokatzea ahalbidetzen baitu; etenik ez, hortaz, harmailen eta oholtzaren artean. Bestetik, hain da estua ikusleek antzezlanari ematen dioten besarkada, ezen askotan aktoreek jendartean jarduten duten. Horra hor gehien estimatu dudan alderdia.