Liburua: Dramak
Egilea: Abelino Barriola
Argitaletxea: Euskal Editoreen Elkartea
Urtea: 1988
1936ko gerra aurreko teatroan, nabarmen, izen bat: Abelino Barriola. Ez bakarra, noski, Toribio Alzaga izan zuen aitzindari, zeinari Barriolak berak aitortu zion maisugoa —”Zugandik etorri zait euzko-antzerti gaietako zaletasuna”—. Baina Barriola, Lino Akesoloren arabera: “Idazle onekin euskal-teatroa bide berria urratzen asiko da. Artean baņo goragoko gaiak, gizarte berrien maillakoak”. Aurrerakoia, garaiari egokituagoa, “gizarteko arazo sakontxoak arrotzen ditu”, “Donostiako teatroa joxemaritarren girotik atera eta mundu zabalagora eta aize berrietara eraman naiez ari izan da”.
Komedia bazter, Barriolak idatzitako lau dramak biltzen dira liburuan (Zulo madarikatuak, 1911; Lagun txar bat, 1912; Maitasunak, 1923; guztietan gorena Goi argi, 1935). Oro har emaitzarik onenak lortutako generoa izateaz gainera, “denboran zehar izandako aldaketen erakusgarri zabala osatzen dutelako”. Argi azaltzen ditu hitzaurrean Xabier Mendigurenek: irri antzerkitik dramara, gero eta lan luzeagoak, ideologia nabarmenduz, herritik hirira, pertsonaian gizarte maila gero eta jasoagoa, emakumearen garrantzia eta goraipamena. “Hasierako lanetan Soroagandik datorren usadiozko antzerki molde donostiarrari erabat lotzen bazaio ere, piskanaka antzerkikera berezi eta bere-berea lortuko du”.
Zertan da, bada, antzerkikera modu hori? Ez ekintza huts, ez eta hutsal ere, baizik eta hausnar —bakarrizketa gisakoak, barne pentsamenduak—, adibidez fedeaz. Fedegabeko pertsonaiak agertzen dira, mojei “alfer”, “zomorro” deitzen dietenak. Apaiza, gizon eta emakumeen arteko harremanen aldekoa da —”gizonak bere artean eta emakumeak berenean” dituzten bezala—. Suizidio bat azalduko da. Nagusien gehiegikeriez kontziente, klase urguilu amiņi bat. Emakume liberatuak orobat, jazband —jazband!— jotzen duen beltzarekin dantzatu zen emakume andaluziar bat, Biarritzera hiru mutil euskaldunekin joaten den ingeniari aleman baten emaztea. Edota polimaitasuna iradoki dezakeen eztabaida: “Maitasun bakarrak betetzen duen biotza al dezu? Maitasunak! Nik asko ditut”.
Ados, horien guztien azpian asmo moralizatzailea dago, ideologiak—abertzale, jelkide— sustrai sakonak ditu testuotan. Baina, zer egin behar ez den erakusteko besterik ez bada, testu zentsuratzaile haiek egiten zuten bezala, zer egin daitekeen erakusten digute. Gizarte berri haietan egiten zena.