Liburua: Arrastoak
Egilea: Dejabu Panpin Laborategia
Argitaletxea: EHAZE
Urtea: 2016
Arrastoak liburua (EHAZE, 2016) iceberg bat da. Autoreek eurek eman didate metafora, Dejabu Panpin Laborategiko kideek. Idatziz diote: “Sortu dugun material guztiaren %40 da, gutxi gorabehera, azkenean antzezlanean gelditzen dena. Hasieran kosta egiten zaigu materiala albora uztea, hainbeste landu eta gero! Baina horretan oso zorrotzak gara: ez badio antzezlanari aurrerako mugimendurik eragiten, kanpora. Gainera, orain arteko esperientziak zera erakutsi digu: prozesuan landutako guztia, eztabaidatutako guztia, amestutako guztia…. iceberg baten ur azpiko zatia bezalakoa dela. Ez da lehen begiratuan ikusten, baina antzezlana sostengatzen du oso modu sendo batean”.
Ikus-entzuleek, beraz (zuetako askok, akaso), 2013 eta 2015 urteen bitartean, mendiaren izotzezko gailur agerikoa baizik ez zenuten ikusi.
Bilduma baten lehen zenbakia da Arrastoak. EHAZE elkartekoek ondo dakite biak hitz izan arren ez dela gauza bera oholtza baten gainean jokatzekoa dena eta nork berak bere kautan irakurtzekoa. Ondo dakite adierazpide bakoitzak badituela bere ezaugarriak, kontuan hartu behar direla, eta horien arabera egokitu egokitzapena, horixe baita Arrastoak liburua hain zuzen, Arrastoak antzezlanaren bertsio bat. Eta badakigu bertsio on bat ez dela kopia, jakin badakigun eran itzulpen on bat ez dela literal. Aske behar du, kreatibo.
Ez da paperera etorri den Dejabukoen lan bakarra Arrastoak hau. Aurrez, besteak beste, Gizona ez da txoria antzezlanaren irakurtzeko bertsio izan zen Habiak (Txalaparta, 2013) nobela grafikoa, Maite Gurrutxaga ilustratzailearena. Antzerki-taldekoek ondo asmatu zuten: teatroak, genero literarioa izanik ere, ez zuela zertan loturarik estuena hitzezko literaturarekin josi, aise egin zezakeela hegan irudira.
Elkartearen eta taldearen intuizio eta jakintzak topatu dira, beraz, Arrastoak honetan, eta, halaxe, orriotan aurkituko du irakurleak (zuetako zenbaitek, espero) noizbait taula gainean ikusi zuen iceberg-puntari mardul eutsi zion oinarria: liburuaren bigarren zatia da hori hain zuzen, Dramaturgia oharrak izeneko atala. Eta horren barruan, era berean, bietakoak daude: ideiak (dramaturgia bateko bidean) eta (dramaturgiaren) zirkuluak.
Lehenik, berrogeita hamalau ideia; berrogeita hamargarrena da icebergarena. Antzezlanetik kanpo geratu baina Dejabukoen esanetan antzezlana janzten duten horiek dira. Batzuk, erreferentzia artistiko askotarikoak: Der Himmel über Berlin, Wim Wendersen filma; Desenterrar las palabras, Clara Valverde Gefaellen liburua; YouTube-ko bideo bat.
Beste batzuk ipuinak dira, eta horiek irakurrita hobeto ulertu dut zer izango ote den Dejabukoek beti aipatzen duten taldean sortze hori, guztien historiak baitira antzezlanaren oinarri ikusezina trinkotzeko ale.
Gogoetarik ere bada ideion artean: antzezlanean modu inplizituan eta ekintza konkretutan mamitzen diren hausnarketak modu esplizituan irakur ditzakegu, adibidez, Zauriak izeneko berrogeita seigarrenean: “Oraindik kosta egiten zait sinestea ametsetan ozeanoan desagertu zitzaidan atautxi hura eta fusilamenduetan parte hartu zuen gizona pertsona bera izan zirenik. Biktima ala borrero? Hain sinplea balitz. Denen biloba naizela, horixe garbi daukadan bakarra”.
Zazpi zirkuluk osatzen dute ondoren Arrastoak sortzeko ibilitako bidea ez ezik Dejaburen lan egiteko era zabalago baten mapa ere baden xendra: Hazia, Kaosaren beharra, Jolasa, Espazioa mugitzea, Panpinak, Argiaren erabilera eta Objektuen memoria. Hortxe topatu ditut nik amurik erakargarrienak. Laugarrenetik aurrera, are zehaztenago doa dena, antzerkiaren adierazpide konkretura tinkoago lotzen (espazioa, panpinak, argia, objektuak). Lehenengo hiru urratsak, ordea, izan daitezke, hitzez hitz irakurri ordez lasai hartuz gero, orokorrago (hazia, kaosa, jolasa). Dejabukoen kasuan, triangelu horri tiraka oholtzara iristen dira, baina zu eta biok abiatu gaitezke beste norabait.
Gorde gogoan: lehenik, ondo aukeratu behar da hazia, izan behar du “premia bat”, “prozesu intimoago bat”; “barruari entzun[ez]” eta “bultzaka ibili” gabe; ondoren, “behin hazia detektatuta, kaosa [sortu behar da] haren inguruan”, ingurura bilduz “gaiak iradokitzen [dizkizun] gauzak, denetarikoak”, harik eta “momentu batean materiala elkartzen [hasi arte], grabitate indarrak unibertsoan materia erakartzen duen moduan”. Eta, azkenik, jolastu: “kreatibitatea leherrarazten duelako”, eta “bizi-energia sortzen”.