Lekua: P6 aretoa. Eguna: Uztailak 1.
Bilboko P6 aretoa erlauntz bihurtu da, Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat eginez, Pako Revueltas sortzailearen ekimenari esker. BERRIAren aldeko ekitaldiak umeentzako atala eduki du eguerdian, Eguzkiaren bidaia izeneko lanarekin, Galder Perezek eta Aiora Sedanok antzeztuta, eta arratsaldean hainbat antzezlek parte hartu dute helduentzako galan.
Ander Lipus aurkezle zela hasi da emanaldia, Eusebio baserritar menderaezina eta bere txakur ondua aretoko atarian agertu eta barrura sartzeko gonbidatu gaituztenean. Espero izatekoa zen Lipusek bere pertsonaiarik kuttunenak erabiliko zituela aurkezle lanetan, ezin hobeak direlako horrelako egitarau baterako, eta horrexegatik izan da are gozagarriagoa haiei guztiei distira berezia atera izana, ekimenak merezi zuen moduan.
Lehen ekitaldia —Berria irakurtzeko begiak— Galder Perez eta Ane Zabalaren eskutik etorri da, eta bai dialogo sormentsuek bai antzezle bien ofizioak ikusleen arreta harrapatu dute hasiera-hasieratik. Perezek neurriz baliatu ditu komediarako dauzkan dohainak eta Zabalak kontrapuntu egokia egin dio uneoro, baina irri eta barre artean ederto ulertarazi digute zein isolamendutan biziko ginateke euskara hutsezko egunkaririk gabe.
Morritson eta Gartzia-ren bikote erdiak —Jon Urrazak— “sortzaile alternatibo eta performer natural”-tzat definitu du bere burua, “berak ez dituelako sorkuntzak sortzen, bizitza arruntean berez sortzen baitzaizkio”. Abiapuntu ia mingarri eta erdi existentzialista horretatik, hainbat kontu aletu ditu Bilboko Udalaren kale-araudi polemikoa aztertuz eta euskarazko prentsarako protesta-ekimen irudimentsu bat proposatuz.
Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak Xentimorik gabe jarraitzen omen dute Ameriketatik egindako bira ezinezko haren ostean. Beraz, mafiako Stompanato gangsterraren klubera eraman gaituzte, haren maitale Mary Lou eta bere soineko gorri zoragarria gurekin gogoratzeko, eta ametsetako atzerrian bizi izandakoak ezin hobeto parodiatu dituzte, kantua, gitarra, txirula eta tronpeta zituztela lagun.
Azkenik, Metrokoadroka eta Dejabu kolektiboek elkarlanean aurkeztu dute Bizitza titularrik gabeko albiste bat da, Oier Guillanen bi testutako pertsonaia batzuk elkartuta. Herio heroi-ko protagonistak etorkizuneko gizarte gris batean bizi dira, eta haietariko batek iraganeko prentsa irakurtzen du gauzak zelan gertatu ziren gogoratzeko, baina halako batean, Gure bide galduak-eko bi lagun ekintzaileren bisita jaso dute, eta BERRIAren aldeko ziztada eskatuko diete. Berez, planteamendu guztiz desberdina dute jatorrizko antzezlan biek, baina bien arteko kontrastetik elkarlan aberasgarria sortu da. Gutariko askorentzat, gainera, oso berezia izan da ikustea etorkizuneko pertsonaia haiek zer eta Euskaldunon Egunkariaren ale bat irakurtzen zutela.